Gizartea -

Genero indarkeria

Konfinamenduan hazi egin ziren emakumeen aurkako indarkeria kasuak EAEn

Genero indarkeria kasu guztietan tratu txar psikologikoak atzeman zituzten. Gainera, 596 kasutan (% 48) eraso fisikoak egon ziren, 374tan (% 30) ekonomikoak eta 95 kasutan (% 7,6) sexualak.

Konfinamenduan hazi egin ziren emakumeen aurkako indarkeria kasuak EAEn
Konfinamenduan hazi egin ziren emakumeen aurkako indarkeria kasuak EAEn
Iazko konfinamenduan 830 dei jaso zituen indarkeria matxistaren biktimen telefonoak

1:14

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Konfinamenduan, ohi baino dei gehiago jaso zituen indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzen dien Satevi arreta zerbitzuak. Bakarrik sentitzen ziren edota erasotzaileen aurrean nola jokatu ez zekiten emakumeen deiak ziren gehienak. Gainera, genero indarkeria kasu horietako asko orduantxe hasi ziren, alegia, etxetik ateratzea debekatuta zegoen garaian.

900 840 111 telefonoan indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituen lantaldeak jasotako ondorioak dira horiek, 2020ko jardunaren berri emateko Bilbon egin duten agerraldian zehaztu dutenez.

Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak emandako datuen arabera, zerbitzu horrek 2.674 dei jaso zituen 2020an (1.961 pertsonak egindakoak); urtebete lehenago, berriz, 2.645. Konfinamendu garaian, 830 emakumek deitu zuten, hau da, martxoa eta maiatza bitartean. Emakume horietatik 422 erasotzailearekin bizi ziren une hartan.

Laguntza eske deitzeko, zaborra jaisteko erasotzaileek egiten zituzten osterak aprobetxatzen zituzten horietako askok, sailburuaren esanetan. Artolazabalek salatu du genero indarkeria dela "genero ezberdintasunaren adierazpen gorena".

Telefono bidezko aipatu zerbitzuak teknika berri bat erabili zuen konfinamendu garaian. Erasotzailea etxean zela deitzen zuten emakumeek klabean hitz egiten zuten, monosilaboak soilik erabilita. Gisa horretako kasuetan, oraindik ere indarrean dago protokolo hori.

Oiane Zarate Sateviko koordinatzailearen ustez, zerbitzua "ezinbestekoa" izan da pandemiak bete-betean jo duen urtean. Kasu horretan, deien % 73,6 biktimek eurek egin zituzten; % 19,4 biktimen gertukoek eta % 6,8 profesionalek. Dei horien % 92, baina, emakumeek egindakoak ziren.

Sateviren txostenak dio Bizkaitik jaso zituztela deien % 55, Gipuzkoatik % 26 eta Arabatik % 16. Artatutako emakumeetatik 13 haurdun zeuden, eta bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako erasoen biktima ziren.

Genero indarkeria kasu guztietan tratu txar psikologikoak atzeman zituzten. Gainera, 596 kasutan (% 48) eraso fisikoak egon ziren, 374tan (% 30) ekonomikoak eta 95 kasutan (% 7,6) sexualak.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Koronabirusa