Gizartea -
Donostiako epaitegia
Hiru gaztek deklaratu dute, Urumean hil zen ertzainaren aurkako mezuak zabaltzeagatik
Erne sindikatuak jarritako salaketa baten ondorioz abiatu zen prozesu judiziala. Hiru lagunek barkamena eskatu dute eragindako minagatik.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Hiru gazte ikerketapean daude joan den abenduaren 30ean Urumea ibaira erorita hil zen ertzainaren aurkako mezuak idazteagatik sare sozialetan.
Salaketa Erne sindikatuak jarri zuen. Segurtasun Sailak ere ikerketa bat jarri zuen martxan eta auzitara joko zuela iragarri zuen.
Hiru gazteek gaur deklaratu dute Donostiako 5. Instrukzio epaitegian. Mezu horiek idazteagatik damututa daudela eta minik eragin nahi ez zutela adierazi dute epailearen aurrean, eta barkamena eskatu dute, albiste-agentziek jakinarazi dutenez.
Sare sozialetan dituzten kontuetan beren benetako izen-abizenak erabiltzen dituztenez, laster identifikatu zituzten. Ertzaintzak kontu anonimoetatik egindako beste mezu iraingarri batzuk ikertzen segitzen du.
Bestalde, laugarren lagun batek deklaratu behar zuen gaurko saioan, baina Castellon bizi denez, datozen egunetan egingo du bideokonferentzia bidez.