Gizartea -

Koronabirusa

Hobekuntzak 'mantsotzen' jarraitzen badu neurriak hartuko dituztela esan du Sagarduik

Beharrezkoa izanez gero, egoera iraultzeko "neurri zehatzak" hartuko dituztela adierazi du. Osakidetza ikertzen ari da Santa Marina ospitaleko langile bat kutsatu egin ote den txertoa jasota ere.

Sagardui eta Zupiria, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Efe
Sagardui eta Zupiria, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Efe
Sagardui eta Zupiria, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du datozen egunetan egoera epidemiologikoaren hobekuntza "mantsotzen" ari dela baieztatzen bada, eragina izan dezakeela LABI Aholku Batzordeak ostiralean iragar ditzakeen neurrietan; beharrezkotzat jotzen badute, egoera iraultzeko "neurri zehatzak" hartuko dituztelako.

Sagarduik agerraldia egin du gaur Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren ostean, eta berretsi egin du pandemiaren datuen hobekuntza mantsotu egin dela azken asteotan.

Hori horrela, ohartarazi du covid-19aren erreprodukzio indizea "hazi" egin dela 0,88raino. Osasun Sailak aurreko astetik aurreikusten duen "antsotzea" baieztatu egin dela azpimarratu du.

Sagarduik gogorarazi duenez, EAE urrun dago 100.000 biztanleko 60ko intzidentzia tasatik, eta Zainketa Intentsiboen Unitateetan oraindik egoera zaila da.

Aldaerak

Sailburuak egoera kontuan izateko eskatu du; horregatik, "zuhurtzia"rako deia egin du. Gainera, koronabirusaren aldaera berriek "zalantza" berriak sortzen dituztela azpimarratu du. Horren harira, aldaera britainiarrak "zabaltzen jarraitzen" duela azaldu du, eta EAEn atzemandako kasuen % 39,73 aldaera horrenak direla. Dena dela, adierazi du oraingoz ez dutela "kutsakortasun handiagoa" atzeman aldaera horretan.

Era berean, Hego Afrikako aldaeraren bi positibo eta Brasilgoaren beste bat atzeman dituztela baieztatu du. Guztietan lortu omen dute birusaren transmisioa "identifikatzea" eta "kontrolatzea", azaldu duenez.

Txertaketa

Sailburuak jakinarazi du Osakidetzak koronabirusaren aurkako txertoaren 133.596 dosi banatu dituela jada, eta aste honetan amaituko dela Osakidetzako langileen txertaketa. Gainera, sektore soziosanitarioko profesionalen artean dosiak banatzen jarraituko dutela gogorarazi du.

Santa Marina

Sagarduik Santa Marina ospitaleko (Bilbo) koronabirus agerraldia ere izan du hizpide, eta azaldu du ez dakiela zein den agerraldiarekin kutsatu den profesionala. Hala ere, aitortu du "litekeena" dela pertsona horrek covid-19aren aurkako txertoa jaso izana, zentro horretako profesional "guztiek" jaso zutelako "duela aste batzuk".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak