Publizitatea
Itxi

2021/03/08

11:24

Gizartea

MARTXOAK 8

Internet da emakume kazetarientzako lekurik arriskutsuena

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Emakumeen Eguna dela-eta Mugarik Gabeko Erreportariek egindako txosten baten arabera, emakumezko kazetarien % 73 eremu birtualean sentitzen dira bereziki mehatxatuta, erredakzioetan baino gehiago.

  • Internet da emakume kazetarientzako lekurik arriskutsuena

    Internet da emakume kazetarientzako lekurik arriskutsuena. Argazkia: pixabay

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Internet da emakume kazetarientzako lan eremurik arriskutsuena, Mugarik Gabeko Erreportariek Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako txosten batean azaldu dutenez. 112 herrialdetako emakume kazetariei egindako inkestaren arabera, berriemaileen % 73 mehatxatuta sentitzen dira gune birtualean, erredakzioetan baino gehiago.

Parisen egoitza duen informazio askatasunaren aldeko erakundeak egindako galdeketari esker ondorioztatu dutenez, komunikabideetan lan egiten duten emakumeentzat 40 herrialde dira bereziki arriskutsuak; Mexiko, Honduras eta Nikaragua, tartean.

Arrisku hori, batez ere, Interneten eta sare sozialetan gertatzen da, galdetutako kazetarien % 73ren esanetan, eta, bigarrenik, lan egiten duten erredakzioetan, horien % 58ren arabera.

"Mehatxatzen duten arrisku guztien aurrean kazetaritza gure indar guztiekin defendatzeko betebeharra dugu, eta eraso eta larderia sexistak eta sexualak mehatxu dira", azpimarratu du Christophe Deloire erakundeko idazkari nagusiak.

Deloireren hitzetan, emakume kazetariek, horien lankideak diren gizonezkoek baino gehiago babestu behar dute beren burua, bai lantokitik kanpo, baita lantokian bertan ere.

Txostenak dioenez, Me Too mugimenduak kazetari asko animatu ditu erasoak edo sexu-jazarpena salatzera, batez ere Ameriketako Estatu Batuetan, Japonian eta Indian, baina baita berdintasunaren paradigmatzat jotzen diren beste leku batzuetan ere; Danimarkan, adibidez.

Iaz, Danimarkako telebista publikoaren goi-arduradun batek Sofie Linde aurkezle ospetsuari bere ibilbidea suntsitzearekin mehatxu egin zion, felazio bat egiten ez bazion.

Txostenak dio Latinoamerika dela eskualde arriskutsuenetakoa; izan ere, Mexiko, Honduras eta Nikaragua "oso arriskutsu" diren hamar herrialdeen artean daude, eta El Salvador, Guatemala, Kolonbia, Venezuela, Brasil, Peru eta Bolivia ere "arriskutsu" direnen artean daude.

Siria, India, Bangladesh, Azerbaijan, Vietnam, Nigeria eta Txad ere arrisku handiko lurraldeak dira.

Mehatxuak eta autozentsura

Inkestak agerian uzten du, halaber, emakumeen eskubideetan, kiroletan eta politikan espezializatutako kazetariak direla indarkeria hori gehien pairatzen duten emakumezkoak.

Horien artean dago, esaterako, Nouf Abdulaziz al Jerawi saudiarabiarraren kasua; izan ere, bere herrialdean gizonezkoen tutoretza sistema salatzeagatik torturatu eta bortxatu egin zuten. Patricia Campos Mello brasildarra, berriz, ziberjazarpen kanpaina gogor baten biktima izan zen, Jair Bolsonaro eta semea salatu baitzituen informazio truke sexu-mesedeak eskatzeagatik.

Lanbidearen aniztasuna arriskuan jartzen duten indarkeriazko praktika horiek eragin larria dute profesional horien bizitzan, estresa, antsietatea eta beldurra eragiten baitizkiete. Eta, horrez gain, beren lanetan ere ondorio zuzenak izaten dituzte.

Galdeketan parte hartu dutenen % 43k bere sare sozialak itxi dituzte eraso sexisten biktima izan ostean, % 48k autozentsura egin dute arazoa saiheste aldera, eta % 21ek onartu du espezialitatez aldatu dela, bereari uko eginez.

Egoera horiek saihesteko, RSFk hainbat gomendio eman dizkie herrialdeei: zaintza handiagoa ezartzea, sexu-estereotipoak desagerrarazteko hezkuntzaren alde egitea eta arazoaren aurrean sentsibilizatzea, larrialdietarako eta alertarako barne-dispositiboak martxan jarriz.

Horrez gain, soldaten eta lanpostuen arteko berdintasuna bermatzea proposatu dute, eta erredakzioei berdintasuna zainduko duen genero gaietan arduradun editorialaren lanpostua sortzeko deia egin diete.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;