Gizartea -
Diputatuen Kongresua
Hizkuntza koofizialei laguntzeko eskatu diote hainbat eragilek Espainiako Gobernuari
Hizkuntza gutxituen hiztunek eta gaztelaniaz berba egiten dutenek eskubide berdinak izatea aldarrikatzen duen legez besteko proposamena eztabaidatuko dute gaur arratsaldean Kongresuan.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Estatu espainiarreko hizkuntza koofizialen defentsan, hainbat eragilek babesa eskatu diote Espainiako Gobernuari astearte honetan. Horretarako, Kongresura jo dute laguntza eske, arratsaldean eztabaidatuko duten legez besteko proposamena aitzakia hartuta.
Aragoieraren, asturieraren, euskararen, galegoaren eta katalanaren alde lanean dabiltzan erakundeetako ordezkariekin batera, Diputatuen Kongresuaren atarian bildu dira goizean EH Bildu, ERC, CUP, BNG, Junts, PDeCAT, EAJ, Compromis, Mas Pais eta Unidas Podemos alderdietako ordezkariak ere.
Esan bezala, PSOErekin koalizioan, Espainiako Gobernua zuzentzen duen Unidas Podemos alderdiak ere sinatu du proposamena, hizkuntza koofizialak ere aintzat har ditzaten. Besteak beste, bermatu nahi dute aipatutako erkidegoetan zerbitzua ematen duten funtzionarioek tokian-tokiko hizkuntza menperatzea.
"Eleaniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia" agiria irakurri dute ordezkariek goizeko agerraldian. Horren bidez, Gobernuari galdegin diote hizkuntza bera erabiltzen duten lurralde administrazioen artean hizkuntza horien erabilera baimentzea. Halaber, ofizialtasunaren beharra azpimarratu dute.
Per la Llengua, Omnium Cultural, Kontseilua, A Mesa pola Normaizacion Linguistica, Nogara, Ciemen, Iniciativa pol Asturianu eta Acció Cultural del País Valencià erakundeek bultzatu dute manifestua. Marcos Maceira bozeramaileak azaldu duenez, "oinarrizko" kontu bat du ardatz dokumentu horrek: "Edozein hizkuntz erkidegok eskubidea du lurralde horretan bere hizkuntza erabiltzeko".
"Ordua da Estatu espainiarra ekintzetara pasatzeko. Arrazakeria mota guztiekin amaitu behar dugu", esan du erakunde horietako ordezkariak.
Bestalde, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak adierazi du Estatuak ez diola bide ematen plataforma horiek hizkuntza gutxituen alde egiten duten aldarrikapenari, nahiz eta hizkuntza horien erabilera bermatu beharko lukeen.