Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia 60ra jaistea "urrun dago" eta "asko kostatuko da", Sagarduiren ustez

Osasun sailburuaren esanetan, 14 eguneko intzidentzia metatua 200etik beherakoa izanik ere, egoerak "kezkagarria" izaten jarraitzen du.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Eusko Legebiltzarrean
Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur ohartarazi duenez, 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 60 kasura jaistea "urrun dago" eta "asko kostatuko da". Urkulluren Gobernuak ezarritako helburuetako bat da, hain zuzen ere, intzidentzia 60 kasura jaistea.

"Egoera kezkagarrian jarraitzen dugu. Ez dezagun pentsa 200en azpitik egoteagatik irten garenik. Hobeto gaude, baina ez gara atera", azpimarratu du Sagarduik Forum Europa-Tribuna Euskadi hitzaldi-gosarian.

Bestalde, txertaketaren eraginkortasuna nabarmendu du: "Duela bi hilabete inguru iritsi ziren lehen txertoak eta ondorioak begi bistakoak dira. Hilabetetako kontua izango da normaltasunaren gertuko egoera batean bizi ahal izatea".

Hala ere, datozen asteei begira, txertoen hornikuntzaren inguruko zalantzek "ziurgabetasun egoera" sortu dutela onartu du. "Eszenatokia aldakorra da, eta une oro egoerara moldatzen saiatzen ari gara", azaldu du.

Hasiera batean, estrategia kontserbadorea jarraitu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta iristen ziren dosietako batzuk gordetzen zituen, lehen txertoa jasotzen zutenei bigarren dosia bermatzea ezinbestekoa zela argudiatuta. "Estrategia egokia izan dela uste dugu, bigarren dosiak bermatu ahal izan ditugu ", gehitu du.

Sailburuak aste honetan argitaratu den Osasun Ministerioaren zerrenda bat aipatu du. Sagarduiren hitzetan, ranking horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) da, Aragoiren eta Nafarroaren atzetik, adinekoen egoitzetan bigarren dosi gehien jarri dituen erkidegoa. "Gainerakoek zergatik duten desfase hori? Txertoak falta izan direlako bigarren dosia emateko", gaineratu du.

Orain, AstraZenecaren txertoaren dosiak ez gordetzea erabaki du Urkulluren Gobernuak. Bigarren dosia 10-12 asteko epean eman daitekeela baieztatu du Jaurlaritzak, eta, beraz, Sagarduiren hitzetan, ez dago biltegiko erreserba agortzeko arriskurik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak Covid birusaren olatu berria