Gizartea -
Migrazioa
Hondarribiak Jostaldi pilotalekua prestatu du migratzaileak hartzeko
Bestalde, Irungo Harrera Sareak baliabide guztiak erabiltzeko eskatu die euskal erakundeei, eta "kanporatzeak eta arrazakeria amaitzeko".
agentziak | eitb media
Hondarribiko (Gipuzkoa) Udalak Jostaldi pilotalekua atondu du Irunera iristen ari diren migratzaileak artatzeko, iragan ostiraletik asko ugaritu delako Afrikatik iritsitako migratzaileen kopurua.
Horixe jakinarazi dute Txomin Sagarzazu alkateak eta Naia Diaz de Corcuera Gurutze Gorriaren Migrazio arduradunak prentsaurreko batean.
Sagarzazuk esan du aurreko ostiraletik zenbait bilera izan dituela Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo zuzendariarekin. "Kontingentzia Plana abian jarri zenetik, Hondarribiak moduren batean lagundu ote zezakeen galdetu zigun, eta Udalean ez dugu zalantzarik izan aurrerapausoa eman eta Jostaldi pilotalekua eskaintzeko", azpimarratu du.
Gaur bertan jarri da prozesu guztia martxan, eta migratzaileak hartzeko ari dira prestatzen pilotalekua. "Argi adierazi nahi dut Udala laguntzen ari dela, eta buruzagitza Eusko Jaurlaritzarena bada ere, guk lagundu egiten dugula ahal dugun heinean", azaldu du.
Hondarribiko alkateak azpimarratu du pilotalekua "ondo kokatua" dagoela, "irisgarria" dela eta "94 ohe" eskaintzen dituela, "batetik bestera behar den bi metroko distantziarekin".
"Une honetan, migratzaile gehienak Malikoak dira, ia denak gizonezkoak, eta asko Kanarietara iritsi ziren 2020an edo 2021eko hasieran", azaldu du Diaz de Corcuerak.
Irungo Harrera Sarea
Bestalde, Irungo Harrera Sareak dituzten baliabide guztiak erabiltzeko eskatu die euskal erakundeei, eta "kanporatzeak eta arrazakeria amaitzeko".
Ohar batean adierazi duenez, pertsona horien harrera "erakundeen borondate politikoaren araberakoa" da. Horren harira, txalotu egin du Irunen eta Hondarribian migratzaileak artatzeko baliabide gehiago martxan jarri izana.
Gainera, "positibo"tzat jo du Eusko Jaurlaritzak portaera aldatu izana eta haiekin duen elkarrizketa areagotzea, "esfortzuak koordinatu" egin behar direlako.
Irungo Harrera Sareak salatu du Frantziako Poliziak "kontrol arrazistak" egiten dizkiela migratzaileei, eta gaur gauean, "inolako bermerik gabe, bederatzi emakume eta hiru haur kanporatu" dituztela. "Euskal erakundeei eskatzen diegu ahal dituzten baliabide guztiak erabil ditzatela kanporatze horiek eta arrazakeria amai daitezen", azpimarratu du.