Publizitatea
Itxi

2021/03/11

20:06

Gizartea

Euskara

Hizkuntza gutxituak ofizialtzeko estatutuak erreformatzea babestu du Kongresuak

agencias | eitb media

Hala eta guztiz ere, errefusatu egin du berezko hizkuntza duten lurraldeetako funtzionarioek hizkuntza menderatu behar izatea, eta gazteleraren inposaketari amaiera ematea.

  • Espainiako Diputatuen Kongresua. Argazkia: Efe

    Espainiako Diputatuen Kongresua. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Kongresuak berezko hizkuntzak ofizialtzeko estatutuen erreformak babestea eta sustatzea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Orain, ikusteko dago Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak ze erantzun emango dioten horri.

Kongresuaren osoko bilkurak, PSOEren aldeko botoekin, hizkuntza gutxituen aldeko ez legezko proposamen baten puntu batzuk onartu ditu.

EH Bilduren ekimena izan da proposamena, eta ERCk, CUPek, BNGk, JxCatek, Pdecatek, EAJk, Compromisek, Mas Paisek eta Unidas Podemosek babestu dute.

Hala ere, proposamenak jasotzen zuen berezko hizkuntzak dituzten lurraldeetan funtzionarioek menderatu egin behar dutela hizkuntza hori, baina puntu hori atzera bota dute. Era berean, errefusatu egin dute estatuko araudian gaztelera legalki inposatzearen aurkako puntua, eta hizkuntza gutxituek gazteleraren errekonozimendu bera izateko ekimenak abian jartzea.

Puntu horietan PSOE eta Unidas Podemos kontra agertu dira, izan ere, sozialistek uste dute eskaera horiek inkonstituzionalak izan zitezkeela.

Hala eta guztiz ere, PSOE alde agertu da beste puntu batzuetan, tartean estatutuak erreformatuz bablea eta aragonesa ofizialtzearen alde.

Puntu horiek 194 aldeko botorekin eta kontrako 153rekin onartu dituzte.

EH Bilduren ekimena hizkuntza gutxituen aldeko hainbat kultur erakundek babestu dute. Hizkuntza gutxituek gaztelerak dituen eskubide berak izatea aldarrikatzen dute,  baina PSOEk bozketa puntuz puntu egitea eskatu du, eta puntu hori atzera bota du.

Ekimena babestu duten alderdiek azpimarratu dute proposamenak agerian uzten duela Espainiako Estatuaren nazio aniztasuna, eta hizkuntzen ofizialtasuna berdintasunez aplikatu beharko litzatekeela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;