Gizartea -

Tratamenduak

Euskadiko Osasun Sailak elikadura-gida berria sortu du

“On Egin!” gida berriak Basque Culinary Centerrek proposatutako errezetak jasotzen ditu Euskadin umeen obesitateari aurre egiteko asmoz.

"On Egin!" ekimenaren kartela. Argazkia: Irekia
"On Egin!" ekimenaren kartela.
"On Egin!" ekimenaren kartela. Argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko 2 eta 17 urte bitarteko mutikoen % 8k eta neskatoen % 5,7k obesitatea dute. Hori prebenitzeko, Osasun Sailak familietan elikadura osasuntsua sustatzen duen proposamena argitaratu du. Basque Culinary Centerrek prestatutako zenbait menu eta errezeta biltzen ditu, hala nola egosi eta birrindutako arrautza menestra edota artozko hanburgesak. Gainera, gaztelaniaz eta euskaraz gain, beste hizkuntza batzuetan ere dago eskuragarri (frantsesez, ingelesez, txineraz, arabieraz, portugesez eta errumanieraz), eta menuetarako alternatiba beganoak eskaintzen ditu.

Gida bi zatitan banatuta dago: batean, irudi baten bidez elikagai talde desberdinak eta egunean bakoitzeko zenbat jan gomendatzen du; bestean, lau astetarako menuak proposatzen ditu, elikagai-taldeak kontuan hartuz. Azken horiek hiru sekziotan banatzen dira: fruta eta barazkiak (% 50), proteinak (% 25) eta zerealak eta patatak (% 25).

Gida horri “Mangolsen bidaia” umeen obesitatea jorratzeko joko interaktiboa batu behar zaio, teknologia berriak eta aurrez aurreko kontsultak batzen dituena. Egun, Pediatriako 44 profesionalek erabiltzen dute, baina urte amaierarako profesional gehiagok erabiltzea espero dute.

Tresna hori martxan jarri zenetik, EAEko tratamendua hasi duten 90 familietako 20k amaitu dute, eta hasierako emaitza oso onak izan dituzte: tratatutako umeen osasun fisikoaren eta emozionalaren pertzepzioa hobetu egin da, eguneroko jarduera fisikoa handitu da, gorputz-masaren indizea jaitsi da eta aldaketak izan dira familia osoaren elikadura-ereduetan.

Programa horren alderdi berritzailea da metodologiak Serious Games tresna jasotzen duela; jolas moduan, umeak eta familiak ahalduntzea du helburu, eta pazientea aditu bihurtzea. Horretarako, besteak beste, nutrizioari, elikadurari, jarduera fisikoari, autoestimuari, aisia aktiboari edo etiketen irakurketari buruzko ezagutzak ematen zaizkie. Jolasean pazientearen historia digitala dago integratuta, eta horrek aukera ematen dio profesional sanitarioari bilakaera monitorizatzeko.

Mangolsen Bidaiak “mHealth Hub” Berrikuntzako eta Ezagutzako Europako Hub-aren interesa piztu du. 2020an, Osasun-arloko Alfabetizaziorako Esku-hartze Onenaren saria jaso zuen, Berrikuntza Teknologikoaren eremuan, eta beste hiru sari lortu zituen 2019an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errezetak Osasun albisteak Basque Culinary Center Umeak