Gizartea -

Aurkikuntza

11.700 urteko eskeletoa topatu dute Nafarroan

17 eta 21 urte arteko gizon baten hezurrak dira. Litekeena da jaurtigai batek buruan jota hil izana. Errotik hurbil dagoen kobazulo batean egin dute aurkikuntza historikoa.

Eskeletoa non topatu zuten azaldu du espeleologo batek. Argazkia: EFE
Eskeletoa non topatu zuten azaldu du espeleologo batek.
11.000 urte dituen "Loizuko gizonaren" gorpuzkiak Erroibarrean aurkitu dituzte

1:24

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

11.700 urte baino gehiago ditu eta ondoen kontserbatutako historiaurreko eskeletoetako bat da. 'Loizuko gizona' jarri diote izentzat, eta "ezohiko aurkikuntza" dela azpimarratu dute adituek.   

Sakon taldeko espeleologoek topatu zuten 2017ko azaroan, Errotalde I leizean, Aintzioa-Loizu kontzejuan, eta harrezkero arkeologoak ingurua aztertzen aritu dira. Atzo hasi zituzten hezurrak handik ateratzeko lanak eta gaur agerraldia egin dute kobazuloaren sarreran aurkikuntzari buruzko xehetasunak emateko. Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Receba Esnaola Kultura kontseilaria han izan dira, beste hainbat udal ordezkarirekin batera.

17-21 urte zituen hil zenean. Antza, hilotza nahita hobiratu zuten han. Eskeletoa osorik eta ondo kontserbatuta dago. Alabaina, garezurrean zulo bat dauka, eta jaurtigai batek buruan jo ziola uste dute.  

Maitane Tirapu antropologoak azaldu duenez, oihal batekin estali zuten gorpua eta, lehendabiziko analisien arabera, eskeletoa Kristo aurreko 9.700. urtekoa da, Pleistozenotik Holozenora arteko tartekoa.

El hombre de Loizu

(Nafarroako gizonik zaharrenaren arrastoak. Argazkia: EFE)

Pablo Arias Kantabriako Unibertsitateko Historiaurreko katedradunak azpimarratu duenez, "horrelako eskeletorik ez da inoiz topatu Espainian, eta garai horretako oso aurkikuntza gutxi izan dira Europan, are gutxiago kontserbazio maila ona kontuan hartuta".

Ariasek zuzendutako 26 laguneko taldeak egingo du ikerketa. Hezurrak aztertuta hainbat datu bildu ahalko dituztela uste dute: pertsona horren informazio genetikoa, nondik nora ibili zen, zer jaten zuen edo zein gaixotasun izan zituen, besteak beste.

Oraingoz, hiru ondorio atera dituzte: nahita hobiratu zutela han, garai hartako klima oso hezea zela eta orduko gizakia arrantzatik, ehizatik eta uzta biltzetik bizi zela.

Mendebaldeko Europan oso informazio antropologiko gutxi dago aipatu aroaz. Asturiasko leize batean egin zuten antzeko aurkikuntza bat, baina eskeleto hura 600 urte geroago bizi izan zen gizaki batena zen. Frantzian ere izan da antzeko beste kasuren bat, Ariasek adierazi duenez.

Lehendabiziko lanak eskeletoa babesteko neurriak hartzea eta leizea arakatzea izan dira, Sakon espeleologia taldearen laguntzarekin. Aurrerantzean ere galeriak miatzen jarraituko dute arkeologoek, baina oraingoz ez dute arrasto gehiagorik topatu.

Eskeletoa leizetik atera ostean, Kantabriako Unibertsitateko laborategiak aztertuko ditu hezurrak, behar beste analisi eginda. Ondoren, 'Loizuko gizona' Nafarroara itzuliko da eta ikusgai jarriko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Historia