Gizartea -
Koronabirusa
51 kasu berrirekin, %2,7ra jaitsi da covid-19aren intzidentzia tasa Nafarroan
Bestalde, martxoaren 17tik 21era toki publiko itxietan bilerak lau pertsonara mugatuko dituzte Nafarroan, leku publiko irekietan seira, eta batzar pribatuak bizikidetza talde bakarrera.
E. J. | EITB MEDIA
Nafarroako Osasun Departamentuak 51 positibo berri atzeman zituen atzo, ostirala, aurreko bi egunetan 67 kutsatze izan ostean. Beraz, covid-19 kutsatze berrien kopuruak behera egin du berriro.
Positibotasun tasak ere behera egiten jarraitzen du. Atzo 1.857 proba diagnostiko egin zituzten PCR eta antigeno testen artean, eta % 2,7k eman zuten positibo; bezperan, berriz, % 3,5ek.
Pandemiak egonkortuta eta/edo beheranzko joerarekin jarraitzen du, horrenbestez, Nafarroan.
Dena dela, bederatzi pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Gaur egun 69 lagun daude ospitaleratuta covid-19agatik, horietako 13 ZIUn. Gainera, 65 urteko emakume bat hil zen atzo.
Positibo berriei dagokienez, Iruñean eta bere eskualdean izan dira kasu positibo berrien % 53, Tutera aldean % 22 eta Lizarraldean % 6. Gainerako positiboak ( % 19) Nafarroako beste leku batzuetan atzeman dituzte.
Adinari dagokionez, 15 urtetik beherakoen artean atzeman ziren positibo gehien ( % 31) eta 45 eta 59 urte bitartekoen artean ondoren ( % 27). Gero, 15-29 urteko taldea ( % 24) eta 60-75 artekoa ( % 10) daude. Azkenik, 30-44 urtekoak ( % 8). 75 urtetik gorakoen taldean ez da kutsatze berririk erregistratu.
Nafarroak bilerak mugatuko ditu Aitaren Eguneko zubian, martxoaren 17tik 21era
Martxoaren 17tik 21era toki publiko itxietan bilerak lau pertsonara mugatuko dituzte Nafarroan, leku publiko irekietan seira, eta batzar pribatuak bizikidetza talde bakarrera. Etxeratzeko agindua, aldiz, 23:00etan mantenduko du Foru Erkidegoak.
Beraz, Aitaren Eguneko zubiarekin batera aplikatuko dituzte neurriak, Lurralde arteko Osasun Kontseiluan Espainiako Gobernuak eta erkidegoek adostutakoa betetzeko.