Gizartea -
HERRI GALDEKETA
Gainbalioek "Durango Operazioaren" zati bat finantzatu behar dutela dio Arriolak
Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuaren esanetan, prest dago Durangoko Udalarekin hitz egiteko eta eraikin plana ahalik eta adostasun handienarekin egiteko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Durangon trenbidea lurperatu ondoren libre gelditu den lursailean egin beharreko proiektua hizpide izan zuen atzo Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Durangon herri galdeketa egin eta biharamunean. Haren hitzetan, kontua ez da "dorreak bai ala ez", hirigintza gainbalioek "Durango Operazioaren" zati bat finantzatu behar dutela baizik. Dena dela, Garraio sailburua prest azaldu da Udalarekin hitz egiteko eta bestelako finantzazio aukerak negoziatzeko.
6.680 durangar (% 94,4) 'Peri 1 Trenbidea' proiektua gelditzearen eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearen alde agertu ziren igandeko herri galdeketan. Parte-hartzea % 28,57koa izan zen.
Arriolak ez du herri galdeketaren inguruko baloraziorik egin nahi izan, baina haren esanetan parte-hartzea "ez da hain handia izan" nahiz eta Udalak parte-hartzean "enfasia jarri".
Sailburuak adierazi duenez, hitzarmen bat sinatuta dute Durangoko Udalarekin. Horren arabera, hirigintzako gainbalioek "Durango Operazioaren kostuaren zati bat finantzatu behar dute".
Hirigintza proiektuak ahalik eta adostasun handiena izan dezan hitz egiteko prest agertu da Arriola. Hala ere, marra gorri gisa jarri du hitzarmenean jasota dauden aprobetxamenduei uko egin behar ez izatea.
"Aprobetxamendu horiek jasotzen dituen hitzarmenik egon ez balitz, ez zen Durango Operaziorik egongo, Durango Operazioa batez ere hirigintzakoa zelako", gaineratu du.