Gizartea -
Koronabirusa
Aurten ere ez dira Karmengo Jaiak ospatuko Barakaldon
Udalaren arabera, "arduraz" jokatuz gero, "ezinezko da jaietako programazio normalizatu bat egitea".
EiTB Media
Barakaldoko Udalak iragarri duenez, "erantzukizunagatik eta arduragatik", aurten ere ez dira Karmengo Jaiak ospatuko; izan ere, gaur egungo osasun-egoera dela eta, "arduraz jokatzen badugu, ezinezkoa da jaietako programazio normalizatu bat egitea".
Udalak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, astelehenean Udal Jai Batzordeak egindako bileran eman zuen Nerea Cantero Kultur zinegotziak jaiak bertan behera uzteko erabakiaren berri.
Canteroren esanetan, "pandemia-egoerak ez digu jaiak berreskuratzeko biderik uzten, orain arte ezagutu ditugun moduan”, eta “pixka bat gehiago itxaron beharko dugu” Karmengo jaietan kaleak berriz “jendez betetzeko".
Bertan nabarmendu zuenez, "jaiak antolatzeak denbora asko eskatzen du", eta, horregatik, "erabaki bat hartu behar izan da" uztailera begira. "Ez da arduratsua aukeraren bat edo itxaropena adieraztea, gero ezin izango badugu bete", azaldu zuen Canterok.
"Pandemiaren bilakaerak ez du behar besteko bermerik ematen jaietako hamabostaldi horretan ohituta gauden ekitaldiei, jai-pilaketei eta abarrei berriro heltzeko. Arduratsuak izaten jarraitu behar dugu, osasun-jarraibideak errespetatuz eta kaleko pertsona-talde jendetsuak saihestuz", gaineratu zuen Canterok.