Gizartea -
memoria historikoa
Barakaldo Holokaustoaren biktimen helbideak bilatzen ari da, omenaldia egiteko
Oroitzapenezko galtzada-harriak ipiniko dituzte biktimen etxebizitzetan
eitb media
Barakaldoko Udala ikertzen hasi da, eta dagoeneko oroitzapenezko galtzada-harrien bidez omenduko dituen Holokaustoaren 12 biktimetako zortziren etxebizitzak aurkitu ditu. Stolpersteiners dute izena harriek, eta pertsona horietako bakoitza bizi izandako lekuan kokatuko dira.
Memoria historikoa berreskuratzeko proiektu hau abendu aldera jarri zen abian. Bizkaiko Udalak Foruen Pasealekua hautatu zuen galtzada-harriak kokatzeko, eta Memoria Historikoaren Batzordeak ontzat eman zuen proposamena. Egileak, ordea, nahiago izan du galtzada-harri bakoitza biktimetako bakoitza bizi izandako lekuan kokatu.
Gorka Zubiaurre Alkatetza zinegotziak aitortu duenez, aurrean dutena "lan zaila da", garai hartako informazioa urria delako eta jatorrizko etxebizitzetako asko egun desagertuta daudelako. Hori dela eta, aurkitzen ez dituzten etxeetan jarri beharreko galtzada-harriak Foruen Pasealekuan kokatuko dituzte.
Gainera, Alemaniako egileak Barakaldora egin beharreko bidaia ere atzeratu egingo da, covid-19ak eragindako pandemia dela eta. Hori dela eta, denbora igaro beharko da oraindik, udalerriko kaleetan Holokaustoaren barakaldar biktimei omenaldia egin ahal izateko.