Gizartea -

KORONABIRUSA

Ehuneko langatik gora jarraitzen dute covid kasuek Nafarroan, tasa % 8,2raino igota

Astebetean, bikoiztu egin da positibo berrien kopurua, eta positibotasun tasa, berriz, hirukoiztu.

Nafarroako Ospitalea. Argazkia: EFE
Nafarroako Ospitalea.
Nafarroako Ospitalea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bezperako datuekin alderatuta positibo kopuruak behera egin badu ere Nafarroan, bosgarren egunez jarraian ehuneko langa gainditu dute kasu berriek: atzo, 102 positibo atzeman ziren, ostegunean baino 21 gehiago, Foru Gobernuko Osasun Publikoko Institutuak emandako behin behineko datuen arabera.

Orotara, 1.251 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 719 gehiago) eta horietatik % 8,2 positiboak izan ziren. Positibotasun tasak, beraz, berriro gora egin du nabarmen, bi puntu.

Astebetean, bikoiztu egin da positibo berrien kopurua, eta positibotasun tasa, berriz, hirukoiztu: joan den asteko ostiralean, martxoak 12an, 51 kasu positibo zenbatu ziren eta positibotasuna % 2,7koa zen. 

Aste honetan, ondorengoa izan da positibo kasu berrien bilakaera Foru Erkidegoan: astelehenean 68 (3,2 %), asteartean 100 (% 4,5), asteazkenean 70 (%3,9), ostegunean 119 (% 6) eta ostiralean 102 (%6,2).

EAE

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 326 positibo berri izan direla jakinarazi du, ostiralean egindako 5.342 proba diagnostikoetan; beraz, positibo tasa % 6,1ekoa da.

Pandemiak Euskadin izan duen bilakaerari buruzko datuen arabera, atzo herenegun baino kasu gutxiago atzeman ziren; hala ere, askoz proba gutxiago egin ziren (ostegunean, 8.594). Hala, aurreko egunetan bezala, positibo tasak gora egiten jarraitu du, eta otsaileko lehen astetik EAEn erregistratu ez zen % 6ko langa gainditu da berriz ere.

Egun batean izan ezik, martxoaren 11n (% 5,2ra iritsi zen), positibo tasa % 5etik behera mantendu da martxoan. Alabaina, atzo % 5,4ra igo zen, eta gaurko igoera askoz ere handiagoa izan da. Joera aldaketa hasia dela dirudi, beraz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Lodosa Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Lizarra Altsasu Erizaintza Sendagaiak Txertoak Antsoain Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea