Gizartea -

KORONABIRUSA

Goraka jarraitzen du positibo tasak EAEn, eta jada % 6ko langa gainditu du

326 kasu berri atzeman eta 26 pertsona ospitaleratu zituzten atzo; 91 gaixo daude une honetan ZIUetan.

Osasun langilea, PCR proba batekin. Argazkia: EFE.
Osasun langilea.
Osasun langilea, PCR proba batekin. Argazkia: EFE.

E. J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 326 positibo berri izan direla jakinarazi du, ostiralean egindako 5.342 proba diagnostikoetan; beraz, positibo tasa % 6,1ekoa da.

Pandemiak Euskadin izan duen bilakaerari buruzko datuen arabera, atzo herenegun baino kasu gutxiago atzeman ziren; hala ere, askoz proba gutxiago egin ziren (ostegunean, 8.594). Hala, aurreko egunetan bezala, positibo tasak gora egiten jarraitu du, eta otsaileko lehen astetik EAEn erregistratu ez zen % 6ko langa gainditu da berriz ere.

Egun batean izan ezik, martxoaren 11n (% 5,2ra iritsi zen), positibo tasa % 5etik behera mantendu da martxoan. Alabaina, atzo % 5,4ra igo zen, eta gaurko igoera askoz ere handiagoa izan da. Joera aldaketa hasia dela dirudi, beraz.

Lurraldeka, 168 kasu berri atzeman ziren Bizkaian, 110 Gipuzkoan, 47 Araban eta bat beste autonomia erkidego batzuetan.

Positibo tasaren bilakaera negatiboa ez dator bat ospitaleetako bilakaerarekin; izan ere, 26 ospitaleratze berri izan dira plantan (ostegunean baino sei gutxiago) eta 91 pertsona daude ZIUetan (aurreko zenbaketan baino bat gutxiago).

Jaurlaritzak astelehenean jakinaraziko ditu udalerrien datuak, R0 indizea eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia.

Baheketak eta PCR probak

Bestalde, Bilboko gimnasio bateko erabiltzaileei eta langileei dei egin die Osakidetzak, larunbat honetan edo bihar, igandea, PCR proba egitera joan daitezen Basurtuko ospitalera.

Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak prebentziozko baheketa egingo du larunbat honetan Ermuko Abeletxe adinekoen egoitzan. Zehazki, txertorik jaso ez duten langileek eta bertan dauden egoiliarren senideek hartuko dute parte.

Positibo tasa asko hazi da Nafarroan ere

Bezperako datuekin alderatuta positibo kopuruak Nafarroan behera egin badu ere, bosgarren egunez jarraian 100eko langa gainditu dute kasu berriek: atzo, 102 positibo atzeman ziren, ostegunean baino 21 gehiago, Osasun Publikoko Institutuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Orotara, 1.251 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 719 gehiago), eta horietatik % 8,2 positiboak izan ziren. Positibo tasak, beraz, nabarmen egin du gora berriro, bi puntu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak