Publizitatea
Itxi

2021/03/21

17:04

Gizartea

Arrazakeriaren kontrako Eguna

Milaka pertsonak migratzaileenganako diskriminazioa bukatzea eskatu dute

M. D. | EITB Media

Hiriburuetan egindako mobilizazioetan, migratzaileek duten etxebizitza bat eskuratzeko zailtasuna salatu dute, erregularizazioa eskatu dute eta estereotipoak bukatzeko deia egin dute.

1:21
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Arrazakeriaren kontrako manifestazioak egin dituzte hiriburuetan, pandemiaren kontrako neurriak errespetatuta, Arraza Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean.

Gipuzkoan, Arrazakeriaren kontrako Martxa egin dute. Iaz ezin izan zen antolatu, pandemiagatik. Aurten Pasaia eta Donostia lotu dituzte, Zure papera garrantzitsua da lelopean. Migratzaileek bizi duten babesgabetasun egoera salatu dute, oinarrizko eskubiderik gabe.

Deitzaileek paperen garrantzia azpimarratu dute, hau da, migratzaileen egoera legala erregularizatzeko inportantzia. Era berean, lelo horrekin azpimarratu dute bertakoen papera migratzaileek sufritzen dituzten estereotipoen eta aurreiritzien kontrako borronak.

Martxa Donostian. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Iruñean, Nafarroako arrazakeriaren kontrako koordinakundeak deituta manifestazioa egin dute, Baluarte plazatik Gaztelu plazaraino, "pertsona guztientzako eskubideak" eskatzeko. Pertsona migratzaileen lekukoak irakurriz hasi dute martxa.

Manifestuan, antolatzaileek gogorarazi dute Arraza Diskriminazioarekin bukatzeko Nazioarteko Egunean Sharpevilleko sarraskia oroitzen dela. Egun horretan "Poliziak gutxienez 69 pertsona hil zituen", eta "55 urte eta bero, ikusten dugu sarraski hura sustatu zuen arrazakeria gure egitura sozial, politiko eta ekonomikoaren parte izaten dela oraindik, mundu osoan".

"Bertako zein atzerritar, langile klase berekoa" edota "Europak eskuak zikin ditu" bezalako leloak oihukatu dituzte ibilbidean zehar.

Martxaren lehenengo geltokian, autobus geralekuaren aurrean, "kontrol polizial arrazistak, atxiloketa bidegabeak eta Atzerri brigadak egindako hitzordu tranpak areagotu direla" salatu dute. Gertakari horiek "ez dira ezohikoak, eta herritar migratzaileak eta arrazialitazatuak kontrolatzeko eta kriminalizatzeko estrategia baten barruan daude".

Bigarren geltokia Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean egin dute. "Pertsona guztien egoera erregularizatzea, baldintzarik gabe" eta Atzerritarren Legea indargabetzea eskatu dute.

Hirugarren geltokia Foru Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean egin dute. Bertan, "gure egunerokoan dauden arrazakeria adierazpenak" salatu dituzte, "etxebizitza, osasuna, hezkuntza edo lana bezalako oinarrizko eskubideak" lortzeko.

Alde Zaharreko Hipotekak Kalteturikoen Plataformak esan duenez, Iruñeko Udalak "dituen eta hutsik dauden pisuak ireki behar ditu"; ehun bat. Plataformak salatu du "larrialdi egoera" baten aurrean Udalak ez duela ekimenik hartu.

Era berean, zaintza, garbiketa, ostalaritza eta nekazaritza sektoreetan "langile klase erregularizatu gabea" dagoela eta oso "prekarizatuta" dagoela salatu dute.

Manifestuan adierazi dutenez, "albisteak ikusten ditugunean, eskuin muturraren eta gorroto diskurtsoen gorakada ikusten dugu, mundu mailako ofentsiba arrazista bat bezala". Salatu dutenez, "migrazio eta harrera politikak erakundeen arrazismo horren erakusle ona dira", "mugen kontrola, itxiera eta azpikontratatzean zentratuta" daudelako.

Protesta Iruñean. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Bilbon, ehunka pertsona manifestatu dira, San Frantzisko auzotik Udaletxeraino, SOS Arrazakeria Bizkaiak deituta.

Manifestarietako asko pertsona migratzaileak izan dira, eta arrazakeriaren kontrako pankartak erakutsi dituzte. Batez ere, etxebizitza aurkitzeko zailtasunak salatu dituzte mezuetan. "Arrazakeriak etxe gabe uzten nau", esan dute.

Parte hartzaileek segurtasun neurriak bete dituzte. Dozenaka pertsonal talde antolatzailea osatu dute, eta segurtasun distantziak errespetatzen zirela bermatu dute.

Oihuen artean, "arrazakeria, gure auzoetatik kanpo" entzun da. Manifestazioa eguerdian hasi da, Mariaren Bihotza plazan. Izan ere, Bilbon herritar migratzaile handiena duen auzoetako bat da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena