Gizartea -
KORONABIRUSA
Pfizerrek covid-19aren aurka ahotik hartzeko botika baten saiakuntza klinikoa hasi du
Farmako berria "ahotiko terapia potentziala da, infekzioaren lehen seinalearekin errezetatu daitekeena, pazienteak ospitaleratzeko edo zainketa kritikoetan egon beharrik gabe".
EITB MEDIA
Pfizer enpresa farmazeutikoak (covid-19aren aurka baimendutako txerto baten fabrikatzailea) iragarri du saiakuntza kliniko bat hasiko duela Ameriketako Estatu Batuetan, ahotik hartzen den farmako baten eraginkortasuna egiaztatzeko.
Pfizerrek ohar batean azaldu duenez, PF-07321332 izeneko farmakoak in vitro ikerketetan frogatu du "SARS-CoV-2 eta beste konorabirus batzuen aurkako jarduera duen proteasa inhibitzaile indartsua dela", eta horrek esan nahi du covid-19a eta beste "mehatxu" batzuen tratamendurako “potentziala” duela.
Enpresako zientzialarien buru Mikael Dolstenen arabera, botika "infekzioaren lehen seinalea izan baino ez errezetatu daitekeen ahotiko terapia potentzial gisa diseinatu da, pazienteak ospitalean edo zainketa kritikoetan egon arte itxaron gabe".
"Covid-19aren pandemiari aurre egiteko, txertoaren bidezko prebentzioa eta birusa dutenentzako tratamendu espezifikoak behar dira. SARS-CoV-2 aldatzen ari den moduaren eta covid-19aren eragin globalaren ondorioz, litekeena da aukera terapeutikoak funtsezkoak izatea, bai orain, bai pandemia igaro ondoren", gaineratu du.
Dolstenen arabera, beste proteasa inhibitzaile bat ere aztertzen ari dira, PF-07304814 izenekoa, zain barnetik ematen dena eta "ospitaleratutako gaixoentzat tratamendu aukera berri bat" izan litekeena.
"Bi farmakoek batera potentziala dute gaixotasuna garatzen den kasuetan txertaketa osatuko duen tratamendu paradigma oso bat sortzeko", azaldu du.
Pfizerren hitzetan, ahotiko farmakoaren saiakuntza klinikoa, fase goiztiarrenean, dosi indibidualak erabiliz probatu dute, eta orain "gero eta dosi handiagoak emanez" ari dira erabiltzen osasuntsu dauden helduekin, horren "segurtasuna eta onargarritasuna" egiaztatzeko.
Zain bidezko proteasa inhibitzailearen azterketa ere fase goiztiarrean dago, eta covid-19aren ondorioz ospitaleratutako pazienteekin ebaluatzen ari da.
Proteasa inhibitzaileak
Proteasa inhibitzaileak birus batek giza zeluletan erreplikatzeko behar dituen entzimak inhibitzen dituzten farmakoak dira, eta beste patogeno biral batzuk tratatzeko erabili dira, GIBa eta C hepatitisaren birusa.