Gizartea -
PEDOFILIA SENTZENTZIA
30 urteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati adin txikikoei abusuak egiteagatik
Adin txikikoekiko abusuak eta akusatuaren beraren partehartzea ageri zen material pornografikoa topatu zuen Poliziak Tuterako 40 urteko gizonaren etxean.
O. P. | EITB MEDIA
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio Tuterako bizilagun bati, 13 urtetik beherakoei sexu-abusuak egiteagatik, adingabeak material pornografikoa egiteko erabiltzeagatik eta haur pornografia edukitzeagatik.
Prozedura judiziala 2016ko ekainaren 14an hasi zen, akusatuak USB memoria bat eta bi SD txartel zituen poltsa bat ahaztuta utzi zuenean Tuterako banku batean. Emakume batek Guardia Zibilaren bulegoetara eraman zuen, eta, han, dokumentazioa aztertu zuen agenteak Udaltzaingoari deitu zion informazioa emateko, galdutako objektuekin egin ohi den gisan, eta USB memoriaren eta txartelen "babes- edo segurtasun-kopia" bat egin zuen.
Akusatuak bere gauzak jaso ondoren, Guardia Zibileko agente batek segurtasun-kopia ikusi zuen, eta adingabeak ageri ziren irudi pornografikoak aurkitu zituen, horietako batzuetan auzipetuaren esku-hartze zuzena agerikoa zela.
Egun horretan bertan, Tuterako Lehen Auzialdiko Epaitegiak ikertuaren etxean sartzeko eta miatzeko baimena eman zuen, "sexu-eraso, haur-pornografiaren eta sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako beste edozein delituren zantzu eta frogak aurkitzeko helburuz".
Miaketa horretan, akusatuak bere borondatez eman zituen USB memoria eta galdutako bi SD txartelak, eta agenteek hainbat material informatiko konfiskatu zituzten (ordenagailuak, telefonoak, disko gogorrak, CDak, DVDak eta memoria digitalak).
Epai hau absoluzioa eman zuten aurreko bi epaien ondoren etorri da, haietan, ikerketa-eginbide guztiak "zuzenean edo zeharka" babes-kopia ikustetik eratorri zirela iritzita. Horrek urratu egiten zuen auzipetuaren intimitaterako eskubidea, eta, beraz, froga horiek baliorik ez zutela ebatzi zuen auzitegiak.
Oraingoan, ordea, gerora egin zen baimendutako etxeko erregistro batean konfiskatutako gailu elektronikoetan topatutako eduki pedofiloak baloratuta etorri da epaia. Horrek prozedurarako abiapuntu berri bat suposatu du. "Gauza bat da konfiskatutako USB memoriaren lehen azterketa zilegia ez izatea, eta beste bat akusatuak haur pornografia eta adingabeei egindako sexu-abusu delituen froga izan daitekeen materiala edukitzeari eustea", jasotzen du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak.
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio; gainera, 5.000 euro eman beharko dizkio kalte-ordain gisa biktima bakoitzari.