Gizartea -

Koronabirusa

'Normaltasun berriaren legea'k musukoaren derrigorrezko erabilera zabaldu du

Gaur sartu da indarrean araua, metro eta erdiko distantziarekin ere erabiltzera behartzen duena, baita hondartzan ere, salbuespenik gabe. Hala ere, erkidegoek moldatzeko aukera izango dute.

Udaltzaingoa Muskizko hondartzan. Argazkia: Efe
Udaltzaingoa Muskizko hondartzan. Argazkia: Efe
Udaltzaingoa Muskizko hondartzan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur sartu da indarrean 'normaltasun berriaren legea' deiturikoa, musukoaren erabilera zabaltzen duena, baita metro eta erdiko distantzia gordetzeko aukera dagoenean ere.

Aire librean edo hondartzan ezinbestekoa izango da musukoa eramatea distantzia gordeta ere, salbuespenik gabe. Hala ere, erkidego bakoitzak, orain arte bezala, musukoen inguruko arauak moldatu ahalko ditu, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera.

Aurreko udan Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri zuen hondartzan ere musukoa nahitaez eramatea jasotzen zuen araua, eserita edo etzanda pertsonen artean metro eta erdiko tartea gordetzen zen kasuak salbuetsita.

Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurrien Lege Proiektua argitaratu zuen atzo, 'normaltasun berriaren legea' deiturikoa, martxoaren 18an Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutakoa.

Pandemia amaitu arte indarrean egongo diren neurrien artean dago musukoaren derrigorrezko erabilera, sei urtetik gorako pertsonentzat eta eremu publikoan, aire zabaleko tokietan eta publikoarentzat irekitako lekuetan, baita 1,5 metroko segurtasun distantzia errespetatzeko aukera egonda ere.

Dena dela, musukorik ez dute eraman beharko horren erabilerarekin gaixotasunen bat larritzeko aukera dutenek, ezta mendekotasun edo ezgaitasun batengatik musukoa kentzeko gai ez direnek ere.

"Aire libreko banakako kirol jardueran ere ez da derrigorrezkoa izango", ezta kirol jarduera musukoaren erabilerarekin bateraezina denean eta osasun agintariek hala diotenean ere.

Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko funtsezkotzat jotzen diren sendagaiak merkaturatzeko baimenen ekoizleei dagokienez, dokumentuak jasotzen du Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren Zuzendaritzari jakinarazi beharko diotela eskuragarri dagoen stocka, azken astean emandako kopurua eta horien sortak askatu eta jasotzeko aurreikuspena, aurreikusitako datak eta kopuruak barne.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera Maskarak