Gizartea -

Indarkeria matxista

Lau urteko zigorra ezarri diote Tuteran bikotekidea bortxatzen saiatu zen gizon bati

Nafarroako Lurralde Auzitegiak emandako epaia berretsi du Auzitegi Nagusiak, baina zigorra murriztu du bidegabeko luzapenak egon direla argudiatuta.

Nafarroako justizia jauregia. EFEren artxiboko irudia
Nafarroako justizia jauregia.
Nafarroako justizia jauregia. EFEren artxiboko irudia

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegi Nagusiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Tuteran bikotekidea bortxatzen saiatu zen gizonari. Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko Salak Nafarroako Lurralde Auzitegiak urtarrilean emandako epaian jasotako egitate frogatuak berretsi ditu, baina ezarritako zigorra murriztu du (zazpi hilabete kendu dizkio) epaia emateko orduan bidegabeko diligentziak izan direla argudiatuta.

Epaiak jasotzen duenez, gaur egun 25 urte dituen gizonak eta 24 urteko biktimak 2013 amaieran abiatu zuten harremana. 2016ko maiatz eta urri artean erabat gaiztotu zen bien artekoa.

Eraso sexuala 2017ko urtarrilaren 3an jazo zen, emakumearen etxebizitzan. Gizona biktima bortxatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu emakumeak aurre egin baitzion. Bere burua defendatzeko, gizona atzamarkatu zuen eta haginka egin zion.

Erasoaren ondorioz, emakumeak "depresioa, ondorio psikosomatikoak, autoestimu baxua, hartu-emanetarako zailtasunak eta erasotzailearekiko izua" pairatu zuen.

2018ko urtarrilean, egokitu ahal zitzaizkion kalte-ordain eta indarrean zuen urruntze-aginduari uko egiteko idatzia aurkeztu zuen biktimak.

Egitate frogatuak berretsi ditu Auzitegiak

Erasotzailearen defentsak Nafarroako Lurralde Auzitegiaren epaiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen, absoluzioa eskatuz. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, bestalde, epaia berrestea eskatu zuten.

Azken biei arrazoia eman die Salak, izan ere, biktimak egindako gertakarien kontakizunari "sendoa" iritzi dio, emakumeak "jazoeren sekuentzia logiko eta koherentea" gorde zuelako eta ez zuelako "kontraesan edo inkoherentziarik" izan.

Horrez gain, udaltzainen lekukotzek ere biktimaren kontakizuna berretsi zutela uste du Auzitegiak. Horien esanetan, "emakumea negarrez, antsietate handiarekin eta oso urduri topatu zuten, hitz egiteko zailtasun handiekin". Medikuen parteak, auzitegiko medikuen txostenak eta psikologoen ebazpenak ere baieztatu zituzten gertakariak.

Dena dela, eta defentsak halakorik eskatu ez bazuen ere, Auzitegi Nagusiak bidegabeko luzapenen aringarria aintzat hartu du. Izan ere, 18 hilabete igaro ziren epaiketa amaitu zenetik —2019ko ekainaren 27a— epaia eman arte —2021eko urtarrilaren 14a—.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Tutera Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak