Gizartea -

PFIZER-BIONTECH TXERTOA

Saiakuntza batek frogatu du Pfizer-BioNTech txertoa % 100 eraginkor dela nerabeetan

Fabrikatzaileen iritziz, emaitzak “pozgarriak” dira, izan ere, 12 eta 15 urte bitarteko pertsonen erantzun immunitarioa adinez nagusiagoetan baino hobea izan da.

Pfizer-BioNTech-en Puurs-eko (Belgika)lantegia. Argazkia: EFE
Pfizer-BioNTech-en Puurs-eko (Belgika)lantegian behargin bat txertoak biltegiratzen.
Pfizer-BioNTech-en Puurs-eko (Belgika)lantegia. Argazkia: EFE

O. P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren aurkako Pfizer-BioNTech txertoak 12 eta 15 urte bitarteko nerabeengan % 100eko eraginkortasuna duela frogatu du saiakuntza batek; 3. fasean dagoen ikerketa 2.260 pertsonarekin egin da AEBn.

Pfizer estatubatuarrari lotutako BioNtech enpresa farmazeutiko alemaniarrak ohar batean aditzera eman duenez, 18 covid-19 kasu atzeman dira plazeboa hartu dutenen artean, eta, aldiz, ez da kasu bakar bat ere izan txertatuen artean; beraz, "% 100eko eraginkortasuna" duela frogatuko luke horrek. Gainera, "antigorputzen erantzuna sendoa izan da, 16 eta 25 urte bitartekoen artean lehenago egindako entseguetakoa baino handiagoa, eta, oro har, ez du erasanik eragin", esan dute. 

Ugus Sahin BioNTecheko fundatzaile eta zuzendari exekutiboaren iritziz, saiakuntza honen emaitzak "pozgarriak dira, batez ere azken asteetan B.1.1.7 aldaera britainiarraren hedakuntza zein izan den kontutan hartzen badugu".

Pfizerreko lehendakari eta zuzendari exekutibo Albert Bourlak esan du helburu dutela FDA agentzia estatubatuarrari eta beste erakunde arautzaile batzuei baimen-eskaera aurkeztea, "datorren ikasturtea hasi baino lehen" AEBeko adin-talde horretan txertoak jartzen hasi ahal izateko.

Ekoizpena gora

BioNTech-Pfizer txertoa Europar Batasunean koronabirusaren aurka egiteko ontzat eman zen lehen txertoa izan zen; pasa den abenduan onartu zuten eta % 95etik gorako eraginkortasuna duela frogatu da. Bi enpresek aurreikusita dute aurten covid-19aren aurkako txerto honen ekoizpena indartzea, eta hasieran aurreikusitako 2.000 milioi dosietatik 2.500 milioitara igotzea, eskaerari erantzun ahal izateko.

Martxoaren 23ra arte, BioNTech eta Pfizer enpresek BNT162b2 txertoaren 200 milioi dosi baino gehiago banatu dituzte mundu osoan, eta urte amaierara arte 1.400 milioi baino gehiago banatuko dituzte, eskaerek ere gora egin baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia albisteak Medikuntza albisteak Medizinak albisteak Txertoak Koronabirusa