Gizartea -
KORONABIRUSA
Iñigo Urkullu: "Ez dugu neurri gehiago hartzeko zalantzarik izango"
Intzidentzia-tasak EAEn "etengabeko goranzko joera kezkagarria" dagoela islatzen duela ohartarazi du: 292,8 kasu 100.000 biztanleko.
I. G. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakaria kezkatuta agertu da covid-19ari aurre egiteko Aste Santuko murrizketen inguruan, koronabirusaren "goranzko joera etengabea" dela eta. Ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela zalantzarik izango neurri gehiago hartzea beharrezkoa ikusten badu.
"Kezka covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien inguruan" izeneko artikulua jarri du lehendakariak Facebooken, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak martxoaren 26an hartutakoei erreferentzia eginez. Neurri horietan, 400 kasuko intzidentzia-tasa metatua gainditzen duten udalerrietarako proposatutako murrizketak biltzen ziren.
Bere argitalpenean, lehendakariak murrizketa horiek babestu ditu, "osasun irizpideetan soilik oinarrituta" eta "arriskuak onartuta" hartu zirelako, "osasunaren, emozioen eta ekonomiaren" arteko oreka lortzeko.
Ohartarazi du intzidentzia-tasak "etengabeko goranzko joera kezkagarria" duela EAEn: 292,8 kasu 100.000 biztanleko, azken datuen arabera. Gainera, argi utzi du adierazle guztiak egunero berraztertzen direla.
"Hori dela eta, eta euskal gizartearen osasunarekiko interesik onenarekin, ez dugu zalantzarik izango horretan lagunduko duen behar beste erabaki hartzeko", adierazi du Urkulluk, eta pandemiak goranzko bidea har ez dezan lagunduko duela azpimarratu du, "herritar bakoitzak prebentzioz, konpromisoz eta elkartasunez bete ditzan neurri eta gomendio guztiak".
Ildo horretan, txertaketa prozesuarekin immunitate orokorra lortu arte honako neurria baino hoberik ez dela azpimarratu du: "Prebentzio indibidual eta kolektiboa, neurri guztiak betez, transmisio katea mozten laguntzen dutenak".