Publizitatea
Itxi

2021/04/02

14:25

Gizartea

KORONABIRUSA

EAEk 300eko intzidentzia tasa metatua gainditu du Aste Santu betean

E. G. | EITB MEDIA

100.000 biztanleko tasa 308,04 kasutan dago. ZIUetan dauden gaixoek kopuruak ere gora egin du. Oinarrizko birsorkuntza tasa 1,08an mantendu da.

1:14
EAEko hiriburuetako intzidentiza metatua. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eremu laranjan sartu da, 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 300eko langatik gora kokatu baita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Zehatz jarrita, 100.000 biztanleko 308,04 kasutan dago tasa, bezperan baino 4,59 puntu gehiago (berez, asteazkenean gainditu zen 300ko muga hori, 303,45 kasurekin).

Lurraldeka, Araban eta Gipuzkoan kopuru horretatik gora daude: 374,61 eta 313,13 kasurekin, hurrenez hurren, eta eremu laranjan sartu dira biak ala biak. Bizkaia oraindik ez da heldu langa horretara, eta 100.000 biztanleko 280,15 kasu ditu.

Kezkagarria da, halaber, 65 urte gorako pertsonen artean 14 eguneko intzidentzia tasa metatuak azken egunotan izan dituen gorakada. 100.000 biztanleko 212,43 kasutan dago.

Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Sailak Ostiral Santuan kaleratu du txosten epidemiologikoa (normalean jaiegunetan ez da halakorik kaleratzen, eta gaurkoa salbuespena izan da). Bertan, osteguneko eta asteazkeneko datuak jakinarazi dituzte. Horren arabera, ostegunean 567 positibo berri atzeman ziren, asteazkenean baino proba diagnostiko gutxiago eginda gainera (6.223, asteazkenean baino 2.548 gutxiago). Positibotasun tasa % 7,3tik % 9,1era pasatu da.

Lurraldeka, Bizkaian 264 kutsatze zenbatu dituzte; Gipuzkoan, 207 eta Araban, 92. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren lau pertsonek positibo eman dute.

Erietxeetako egoerari dagokionez, 46 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten ostegunean covid-19ak jota, asteazkenean baino 18 gutxiago. Dena dela, ZIUetako egoera ez da samurtu, eta 91 gaixo daude larri bertan (aurreko egunean baino bat gehiago).

Biziberri III Planean jasotako gainerako adierazleak ez dira horren txarrak, eta birsorkuntza tasa eta tasen arrazoia ia bere horretan geratu dira. R0 indizea, positibo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen zenbakia, 0,05 jaitsi da, eta 1,08an dago. 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen duena, berriz, 1,21ean dago (0,04 bajatuta).

Udalerriei dagokienez, 11 dira jada gorriz margotutakoak, eta Gasteiz muga-mugan geratu da, 399,86 kasurekin.

Eusko Jaurlaritzak asteartean kaleratuko du 400eko intzidentzia metatua gainditzen dituzten, eta beraz, perimetralki ixten diren udalerrien zerrenda.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;