Gizartea -

KORONABIRUSA

Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratuko du eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda

Itxura guztien arabera, Arabak eta Gasteizek 100.000 biztanleko 400 kasuren langa gaindituko dute. Gainera, Bilbo ere datozen egunetan sar daiteke gune gorrian.

Eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda
Eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda
Gasteiz eta Araba itxita egongo dira asteazkenetik ziurrenik; Bilbo ere arriskuan da

3:24

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santua atzean utzi ostean, Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratuko du eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda. Gaur arte, 19 udalerri dira 100.000 biztanleko 400 kasuren langa gainditzen dutenak eta gehiago izango dira gaurtik aurrera.

Eusko Jaurlaritzak martxoaren 27an argitaratu zuen itxitako udalerrien zerrenda, eta bi egun geroago, martxoaren 29an, sartu ziren indarrean neurri murriztaile gehigarriak toki horietan.

19 udalerri dira guztira: bederatzi Gipuzkoan, bost Bizkaian eta bost Araban. Horietako zortzi 5.000 biztanletik gorakoak dira: Beasain, Elorrio, Ermua, Lazkao, Muskiz, Ondarroa, Ordizia, Urretxu. Beste 11 udalerrik, ostera, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte: Ataun, Berriz, Eltziego, Elvillar, Idiazabal, Iruña Oka, Olaberria, Urkabustaiz, Zaldibia, Zegama eta Zigoitia.

Aurreikuspenen arabera, Gasteiz eta Araba gorrian sartuko dira. Bizkaian, Bilbo itxieraren atarian dago, Markina eta Abadiño bezala. Gipuzkoan, itxura guztien arabera, Arrasate, Legazpi, Oiartzun, Usurbil eta Zumarraga gehituko dira zerrenda gorrira.

Gaur gorrian dauden udalerriak bihartik aurrera perimetralki itxita egongo dira. Halaber, herri horietako taberna eta jatetxeek barrualdeko zerbitzua murriztuta izango dute, eta ezingo dira lau pertsonatik gora elkartu toki itxietan kirola egiteko.

Udalerriak itxita egongo dira, baina ondoko udalerrira joan ahalko da erosketak egitera edo aire librean kirola egitera.

Ostalaritzari dagokionez, taberna eta jatetxeek ordu jakinetan soilik ireki ahalko dituzte barrualdeak: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Apustu-etxeei dagokienez, ostalaritza zerbitzua barrualdean soilik eman ahalko dute eta zehaztutako ordutegian bakarrik.

Kirol arloan, ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan salbu. Horietan % 35eko edukiera onartzen da, eta dutxak bakarka erabili ahalko dira.

Bestalde, LABIren batzorde teknikoa gaur elkartuko da LABI politikoari neurri berriak proposatu ala ez erabakitzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Osasunari buruzko albisteak Covid birusaren olatu berria