Publizitatea
Itxi

2021/04/08

11:01

Gizartea

MEMORIA HISTORIKOA

II. Errepublikaren 90. urteurrena ospatzeko bisitak eta emanaldiak Eibarren

EITB MEDIA

2001etik bost urtean behin bezala, herriak hainbat jarduera antolatu ditu II. Errepublikan gertatutakoak eta horrek ekarri zituen aurrerapenak erakusteko.

  • II. Errepublikaren urteurrena Eibarren (Gipuzkoa).

    II. Errepublikaren urteurrena Eibarren (Gipuzkoa). Argazkia: Rikardo Agirregomezkorta

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eibarko Udalak II. Errepublikaren Aldarrikapenaren 90. urteurrena oroitzeko antolatutako jarduera-egitaraua aurkeztu du. Azaldu duenez, egitarauaren bidez erakutsi nahi da zer geratu zen herrian II. Errepublikan, baita zer aurrerapen ekarri zuen hark hainbat alderdi sozial, politiko eta kulturaletan. Aurten, antolatutako ekitaldiek herriaren hiri-gutunaren 672. urteurrenarekin bat egingo dute.

Udalak antolatzen dituen ospakizun ekitaldiak 2001. urteaz geroztik egiten dira. Urte hartan, Bozeramaileen Batzordean akordio bat hartu zen Udalak aldarrikapena oroitzeko ekitaldiak bost urtean behin antolatzeko.

2021eko egitaraua

Ospakizun honetarako, honako hauek egingo dira: Ego Ibarra batzordeak antolatutako bi hitzaldi; zortzi bisita gidatu; II. Errepublikako hegazkinen eta ibilgailuen maketa-erakusketa bat; bi antzerki-emanaldi eta musika-kontzertu bat.

Lehen hitzaldiaren izenburua "La II República y la mujer: política, legislación y educación" da eta apirilaren 14an izango da Coliseon, 19:00etan. Berdintasun sailarekin elkarlanean antolatu da. Hizlaria María José Vila Rodriguez EHUko ikerlaria izango da eta II. Errepublikaren garaian berdintasunaren eta emakumearen arloan gertatu ziren aurrerapenei buruz jardungo du.

Bigarren hitzaldia EHUko irakasle Unai Belaustegi Bedialaunetak emango du apirilaren 21ean, 19:00etan, honako izenburupean: "Errepublikanismoa Gipuzkoan: Eibarko Paktu Federaletik (1869) Errepublikaren aldarrikapenera (1931)".

Antolatutako zortzi bisita gidatuak Eibarko Jesús Gutiérrezek egingo ditu. Lau euskaraz izango dira (apirilaren 17an eta maiatzaren 1ean) eta 4 gaztelaniaz (apirilaren 10ean eta 24an). Bisitak Untzaga plazan eta udaletxean zentratuko dira, eta goizez eta arratsaldez izango dira. Parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea, 943 70 84 35 telefonoan edo kultura@eibar.eus helbide elektronikoan.

Gainera, bi antzerki-emanaldi antolatu dira. Lehenengo obra, "Los hermanos Machado" El Temple konpainiarena, apirilaren 17an izango da Coliseon, 19:00etan. Bigarrena, "Kasilda, bukatzen ez den sua" Goitibera taldearena, apirilaren 23an, 19:00etan, Coliseo antzokian.

"La Generación del 27 o de la República Española" gitarra kontzertua ere eskainiko da apirilaren 16an, 19:00etan. Bernardo García Huidobrok Gerra Zibilak modu dramatikoan astindu zituen konpositore batzuen kalitate handiko lanak interpretatuko ditu.

Armagintzako Museoak Perez Güenaga anaien maketa-bilduma erakutsiko du apirilaren 8tik 25era. Eibarko bi maketa-egileek Udalaren kultur jardueretan parte hartu dute, oraingoan, II. Errepublikako ibilgailu eta hegazkinen bilduma bat prestatuz.

Halaber, Udalak gogorarazi du Akondiako lubakiaren eta metrailadore-habiaren maketa bat ikus daitekeela Gerra Zibileko Eibarko Fronteari buruzko Interpretazio Zentroan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;