Gizartea -
ZIENTZIA-DIBULGAZIOA
Nanodotei buruzko ikerketa proiektu bati hasiera eman dio CIC biomaGUNEk
Maurizio Pratok zuzendutako e-DOTS proiektuaren helburua bioirudirako, diagnostikorako eta katalisirako karbono-nanopuntu lumineszenteak sintetizatzea da.
EITB MEDIA
CIC biomaGUNEko Karbonoaren Bionanoteknologia taldeak e-DOTS proiektua abiatu du AXA Chair eta Ikerbasqueko irakasle den Maurizio Pratoren zuzendaritzapean. Ikerketa proiektuaren helburua da "nanodoten egitura eta propietateak ikertzea, hala zehazki guk nahi ditugun propietateak izateko moduan sintetizatzera iristeko".
Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) ERC Advanced Grant ospetsuen zuzkiduraren barruan 2020an esleitutako funtsekin finantzatzen da ikerketa-proiektua (2,5 milioi euro 5 urterako). ERCren ustez, maila akademiko hutsetik nanomedikuntzan eta, oro har, medikuntzaren zientzian erabiltzeko moduko maila batera eraman daitezke nanodotak proiektu honen bidez.
Pratoren esanetan, 2016an hasi ziren "oso material interesgarri" horrekin lan egiten. "Sintesi-metodoaren arabera, oso bestelako propietateak dituzten nanodotak lor daitezke, hainbat aplikaziotarako erabilgarriak. Proiektuaren helburu nagusia da material horien egitura, erreaktibotasun kimikoa eta propietateak xehetasunez ezagutzea, nola sortzen diren ulertzea eta nahi dugun moduan aldatzera iristea: prestakuntza erreproduzigarri eta fidagarri batetik abiatuta eta propietateen kontrolera iritsita", azaldu du.
Ikerketa taldeak ikasketa automatikoko sistema bat erabiliko du. Irakasleak azaldu duenez, "sistema automatizatu bat erabiltzen ari gara, sintesia optimizatzeko metodo bat erabiliz nanodot berriak aurkitzeko; alegia, robot-moduko bat da, nanopartikula berriak prestatuko dituena, analizatuko dituena eta haren propietateak guk espero ditugunak baino hobeak edo okerragoak diren esango diguna, eta nanopunturik hoberenak nola sintetizatu eta propietateak nola hobetu ditzakegun ulertzen lagunduko diguna".