Gizartea -
Koronabirusa
Ekin diote berriro txertaketari Donostiako Reale Arenan, 918 Pfizer dosirekin
Hain zuzen ere, gizarteratze-eremuko langileei eta adingabeei arreta emateko egoitza-baliabideetan lan egiten duten langileei gaur jarriko zaie Pfizerren dosia.
A. O. | EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Realak gaur berrekin diote Donostiako Reale Arenako txertaketa-gunean abiatutako txertaketa-kanpainari, 918 Pfizer dosirekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aginduz AstraZeneca dosien txertaketa eten ostean.
Aldundiak ohar batean azaldu duenez, ostegun honetarako hitzartuta zeuden 400 pertsonek gaur jasoko dute txertoa. Guztira, 918 pertsonari jarriko zaie koronabirusaren aurkako txertoa. Hain zuzen ere, gizarteratze-eremuko langileei eta adingabeei arreta emateko egoitza-baliabideetan lan egiten duten langileei jarriko zaie Pfizerren dosia.
Martxoaren 30ean Reale Arenan AstraZenecarekin txertatzen hasi zirenetik, 1.600 dosi inokulatu zaizkie zentro okupazionaletako, gizarteratzeko eta adingabeen kolektiboei, eta horiei gehitu behar zaizkie ostiral honetan inokulatuko diren 918 Pfizer dosiak.
Gainera, joan den otsailaren 26tik, Aldundiak, DYA eta Aita Mennirekin batera, 3.392 pertsonari jarri diete covid-19aren aurkako txertoa. Hain zuzen ere, Pfizer txertoaren bi dosi -guztira 6.784 txerto- erabilita, adineko pertsonentzako eguneko zentroetako eta desgaitasun eta gaixotasun mentaleko baliabideetako erabiltzaileak eta 55 urtetik gorako langileak txertatu dituzte.
Horrenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ostiral honetarako, lehen dosia emango die gizarteratze-kolektiboei, adingabeei, okupazio-zentroei, eta bigarren dosia adinekoen, desgaituen eta gaixotasun mentalen eguneko zentroei lotutako kolektiboei.
Guztira, aipatutako kolektibo horietan guztietan, 5.910 pertsonak jaso dute txertoa, eta 9.302 dosi eman dira.