Gizartea -

Koronabirusa

26 pertsona hil dira Euskadin astebetean covid-19aren eraginez

Atzo 788 kasu atzeman zituzten. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (373), eta Gipuzkoa (296) eta Araba (113) daude ondoren.

Osasun arloko langile bat. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun arloko langile bat.
Osasun arloko langile bat. Artxiboko argazkia: EFE

I. G. / A. O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan, covid-19aren 788 positibo berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bezperan baino 57 kasu gehiago. Gainera, 26 pertsona hil dira astebetean, martxoaren 29tik apirilaren 4ra.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 11.038 proba diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 788k eman zuten positibo. Positibotasun tasa, beraz, % 7,1ean kokatu da, bezperan baino zortzi hamarren gutxiago.

Intzidentzia-tasa metatuari dagokionez, 100.000 biztanleko 363,41 kasura igo da, atzo baino 12 puntu gehiago. Oinarrizko ugalketa kopurua, R0 indizea, % 1,10era iritsi da dagoeneko (asteartean % 1,08an zegoen).

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (373), eta Gipuzkoa (296) eta Araba (113) daude ondoren. Horiei guztiei sei positibo gehitu behar zaizkie, egoitza EAEtik kanpo duten pertsonen artean.

EAEko ospitaleetan 65 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte asteazkenean, bezperan baino bat gutxiago, baina ZIUetan presioak zertxobait gora egin du, 103 gaixo baitaude zainketa intentsiboetako unitateetan, asteartean baino hiru gehiago.

Egoera epidemiologikoaren bilakaera ez da aldatu, eta okertzen jarraitzen du. Gaurkoan Bilbo, Astigarraga, Errenteria, Zarautz eta Gipuzkoa izan dira eremu larrienean, gorrian, sartu direnak, covid-19ak Euskadin herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera.

Horrenbestez, 21 dira egoerarik latzenean dauden 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak EAEn: Gasteiz (Araba); Bilbo, Ermua, Markina eta Ondarroa (Bizkaia), eta Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Errenteria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Ordizia, Oñati, Tolosa, Urretxu, Zarautz eta Zumarraga (Gipuzkoa).

Bestalde, Euskadik 60 eta 65 urte bitarteko pertsonei jarriko dizkie AstraZeneca enpresa farmazeutikoak garatutako txertoaren dosiak. Ildo horretatik, aipatzekoa da Euskadin emandako AstraZenecako dosietatik ez dagoela txertoari lotutako larritasuna duen albo-ondoriorik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak