Gizartea -
Apirilak 12
Astelehenean irekiko dute Bilboko haur-eskoletan izena emateko epea, 661 plazarekin
2 urtera arteko eskola publiko horietan izena eman nahi duten familiek 'online' ere egin dezakete haurreskolak.eus webgunean.
agentziak | eitb media
Bilboko Udalak datorren astelehenean, hilaren 12an, irekiko du Bizkaiko hiriburuko 15 haur-eskoletan izena emateko epea, eta 661 plaza egongo dira guztira, aurreko ikasturtean baino 42 gehiago.
2 urtera arteko eskola publiko horietan izena eman nahi duten familiek 'online' egin dezakete haurreskolak.eus webgunean edo zentroetara joanda, apirilaren 21a arte, Udalak gaur jakinarazi duenez.
Bilbon 2021-2022 ikasturterako eskaintza 661 plazakoa da, eta horietako 232 izango dira jaioberrientzat, 0-1 etaparako, eta 429, 1-1 etaparako.
Zabala auzoan Iruarteta Haurreskola ireki dute 42 plazarekin, eta horrekin 15 dira hiriko 8 barrutietan banatuta dauden zentroak.
Onartuen behin-behineko zerrenda aipatu webgunean argitaratuko dute, eta baita haur-eskoletan ere, ekainaren 2an. Behin betiko zerrendak, erreklamazioen ostean, ekainaren 30ean kaleratuko dituzte, eta ikasturtearen hasieran irailaren 6an izango da.