Gizartea -

Energia

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Subillako putzuan gasa dagoen esploratzeari

Esplorazioak "ez dauka zentzurik", Kongresuak onartutako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak ez baitu ustiapena baimenduko. EAJ baino ez ez zegoen esplorazioaren alde.

Subilla. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Subilla.
Subillako putzuan gasa esploratzeari uko egin dio Eusko Jaurlaritzak

1:5

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Subillako (Gasteiz) Armentia-2 putzuan gasa ote dagoen esploratzeari uko egin dio Eusko Jaurlaritzak, "zentzurik ez duela" ulertzen baitu, topatuz gero ustiatzeko aukerarik ez litzatekeelako egongo, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak komunikatu batean esan duenez.

Eusko Jaurlaritzaren behin betiko erabakia Diputatuen Kongresuak Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartu ostean dator.

Arau berria Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdi politikoen, EAJren eta PSEren, aldeko botoa izan zuen Kongresuan. Ondoren, Senatuak onartu beharko du. Gasaren ustiapena debekatuko du legeak.

"Ez du zentzurik ustiatzeko aukerarik gabe trantsizioko energia-iturri bat esploratzeak"

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du lege berriarekin "erabat baztertuta" geratzen dela Armentia-2 putzuan gasa ustiatzea, orain arte defendatzen zuen esplorazioa baimendu arren. Azaldu duenez, legeak "aukera ematen dute esplorazioa egiteko" baina "ez du zentzurik ustiatzeko aukerarik gabe Eusko Jaurlaritzak trantsiziokotzat jotzen duen energia-iturri bat esploratzeak".

Horregatik, Energiaren Euskal Erakundeak esplorazioaren tramitazioa geldiarazteko modua aztertuko du, horrek EEren mendeko Shesa sozietate publikoari dagozkion ondare-eskubideak galtzea ekarri gabe.

Shesak "ezin ditu bere betebeharrak alde batera utzi, ezta ondare- eta kudeaketa-eskubideei uko egin ere". Jaurlaritzak azaldu duenez, proiektu horretarako Shesak, bazkide batzuez gain, aldeko ingurumen-baimena ere badu, 2019an Trantsizio Ekologikoko Ministerioak berak egindako esplorazioaren izapidetzean aurrera egiteko.

Gasteizko Udalak uko egin zion Subillan gasa esploratzeko lizentzia eskaerari, "udal araudiarekin bat ez datorrelako", eta Exekutiboak helegitea jarri zuen erabaki horren kontra.

Orain Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak esan duenez, "lege-testu berria onartuta, ez dago Euskadiko gas-ustiapenari buruzko eztabaidarik", eta "energia berriztagarriko instalazioen exekuzioa premiaz bizkortu behar da".

Zentzu horretan, Exekutiboak gogorarazi du EAEn parke eoliko berriak instalatzeko aurreikusten duela, baita hiru lurraldeetan energia berriztagarria sortzeko jarduerak eta formulak hedatzen jarraitzeko asmoa duela ere.

Trantsizio energetikoa "akordio zabalen bidez" eta inposaketarik gabe egiteko eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk esan du EAJk eta Jaurlaritzak "amore eman" dutela eta beren burua gehiengoaren iritziaren aurka egiten ari ziren saiakera bertan behera uztera "behartua" ikusi dutela, eta "pozik" agertu da erabakiarekin.

EH Bildu: "Azkenik onartu behar izan dute beraien posizioa okerra zela"

"Ez da gas putzurik izango Gasteizen, ez Araban eta Euskal Herrian. Jaurlaritzak azkenean onartu du aspaldian esaten geniona. Hau da, ez duela zentzurik gas putzurik egitea, esplotaziorik egitea ezinezkoa izango bada", esan du koalizioak.

Albistea "ongi etorria" da EH Bildurentzat. "Urte asko berandu etorri bada ere, diru publikoa xahutu badute ere, epaitegietara jo badute ere, klima legean esplotazioak ahalbidetzeko saiakerak egin badituzte ere, azkenik onartu behar izan dute beraien posizioa okerra zela, eta zulatzeko planak eten egingo dituzte", esan du.

Era berean, herritarrak eta herri mugimenduak zoriondu ditu, eta energia berriztagarrien aldeko "apustu garbia" egiteko eskatu die erakundeei, "trantsizio energetikoa akordio zabalen bidez egiteko, inposaturiko proiektuak alboratuz".

Unidas Podemos: "Zentzurik gabeko burugabekeria eta diru-xahuketa zen"

Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatua oso pozik agertu da "berri onarekin". "Askotan esan dugun bezala", gogorarazi du komunikatu batean, "Kongresuan onartu berri dugun Klima Aldaketaren Legea oso argia da Estatuko lurralde osoan hidrokarburoak erauzteko debekuaren gainean".

Diputatuarentzat, "Eusko Jaurlaritzaren jarrera itsua", behin legeak gasa erauzteari ateak itxita, "zentzurik gabeko burugabekeria" eta "euskal herritar guztien diruaren xahuketa" zen, "ezin egin izango zuen" esplorazioa aurrera ateratzeko eta, gainera, "Arabako herritar guztien eta oposizio politikoaren kontrako jarrerarekin".

Lopez de Uralderen arabera, "albiste ona" da "azkenean proiektu hori bertan behera uztea", "badelako aurrera egiteko eta errekurtsoak trantsizio energetikora bideratzeko garaia, alderdi gehienek orain dela egun batzuk Klima Aldaketaren Legean onartu genuenarekin bat".

Eguzkik "klima aldaketa larriagotuko ez duen" energia eredu "berriztagarri" bat eskatu du

Eguzki talde ekologista eta antinuklearra pozik agertu da Jaurlaritzaren erabakiaren ostean, eta eskatu du uko hori beste energia eredu baten eredu izatea, "berriztagarria, deszentralizatua, kontsumo puntuetatik hurbil dagoen ekoizpenarekin eta klima aldaketa eta erregai fosilen kontsumoa larriagotuko ez dituena".

Talde ekologistaren arabera, Sherpa sozietate publikoa desegin beharko lukete, "funts publikoak bidegabe erabiltzea eta xahutzea ekiditeko". Izan ere, Jaurlaritzak "gizartea ekonomikoki zigortzeko" mehatxua egin du, hidrokarburoen sozietate publikoaren "ondare- eta kudeaketa-eskubideak" aipatu dituelako.

Eguzkirentzat, Exekutiboaren ukoarekin "argi eratu da fracking edo ohiko teknikekin esploratzeak eta ustiatzeak ez dutela inoiz zentzurik izan, gure ingurumena kaltetzea ekarriko lukeelako, zoru emankorreko hektareak kutsatuko lituzketen eta balio handiko akuiferoei eragingo liekeen ehunka putzu zulatuta C02 isuriz".

Era berean, taldeak ohartarazi du esplorazioarekin jarraitzea "prebarikazioa izan zitekeela", eta salatu du Exekutiboak parke eolikoak erabiltzen dituela "energia berriztagarrien euritako bezala, biodibertsitatearen babesarekin bateragarriak egiten saiatzen". Bere ustez, instalazio horiek "ingurumen balio handiko espazioetan" ez dira azkartu behar eta ez da beren "inpaktu konponezina" ezkutatu behar, "ekosistemak suntsitzea beste energia eredu baten aukera bakarra izango balitz bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ingurumena Gas naturalari buruzko albisteak