Gizartea -

PROTESTAK

Eurokopa San Mamesen jokatzearen aurkako mobilizazioak izan dira Bilbon eta Gasteizen

San Mames estadiotik abiatu eta udaletxearen aurrean amaitu dute manifestazioa Bilbon, Eurokoparen kontrako oihuen eta "Euskal Herria antifaxista" leloen artean.

Manifestazioaren amaiera Bilboko Udalaren aurrean. Argazkia: @EcuadorEtxea
Manifestazioaren amaiera Bilboko Udalaren aurrean.
Eurokopa San Mamesen jokatzearen aurkako mobilizazioa izan da Bilbon

0:49

E.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagunek protesta egin dute gaur eguerdian Bilbon eta Gasteizen, datorren udarako aurreikusitako Eurokopa Bilbon jokatu ez dadin eta Eurokoparen aurka daudela adierazteko. Iruñean ere deituta zegoen protesta baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu egin du osasun publikoko arrazoiak argudiatuta.

Eurocopa honi ez! plataformak deituta, manifestazioa egin dute eguerdian Bizkaiko hiriburuan, San Mames estadiotik abiatuzaeta udaletxearen aurrean amaituz. Eurokoparen kontrako oihuak eta "Euskal Herria antifaxista" leloak entzun dira ibilbide osoan zehar.

Europako futbol txapelketaren kontrako plataforma 2019an sortu zen; eta beraz, egungo osasun krisi arrazoiez haratagoko beste hainbat arrazoigatik eskatzen dute Eurokopa bertan behera geratzea."Euskal selekzioari ofizialtasuna ukatzen zaion bitartean, gure zapaltzaile zuzenak diren Espainiako eta Frantziako Estatu burgesen selekzioek Bilbon jokatzeko aukera izango dute, euskal burgesiaren babesarekin nahi ez dugun txapelketa inposatuz. G7arekin edo Espainiako Itzuliarekin egin duten bezala, Espainia eta Frantziako estatuek aukera guztiak baliatuko dituzte euskal langileriaren proiektu nazionala berriz ukatzeko. Izan ere, espainiako estatuak Euskal Selekzioari ateak ixten dizkion bitartean, Bilbo espainiako hiria bailitzan saltzen du nazioartean, EAJk ordezkatzen duen burgesia autonomistaren konplizitatearekin. Gainera, ulergaitza egiten zaigu nazio zapalduak onartuak ez diren bitartean, Turkia eta Israel bezalako estatu genozidek parte hartzeko aukera izatea" azaldu zuten ekimenaren aurkezpenean.

"Salduko diguten diskurtso faltsuaren aurrean, Eurokopa honek ez du inolako aberastasunik ekarriko euskal langileriarentzat. Haien argi distiratsu, irribarre hipokrita eta lelo hutsen atzean langile klasearen esplotazioa, gure bizitzen prekarizazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa eta pribatizazioa baino ez da egongo. Baina ez dira pasako; kapitalaren metropoliari, bizitza eredu burgesari, makro-ebentuei eta gure bizitzen merkantilizazioari, duintasunez erantzungo diegu, gure kaleak eta bizitzak berreskuratuz, haien aberastasunak gure miseria dakarrelako" gaineratu zuten.

Gasteizen, elkarretaratzea egin dute Andra Mari Zuriaren Plazan, 12:00etan, "Gelditu dezagun" zioen pankartarekin. 

Eurokopa jokatzeko nahitaezkoa da estadioetan publikoa, ikusleak, sartu ahal izatea eta gai horren harira ika-mika izan da aste honetan bertan. Batetik, Bilboko Udalak San Mames Eurokopako partiduak hartzeko moduan izango dela dela esan du, %25eko aforoarekin (13.000 lagun); baina, bestetik, RFEF Espainiako Futbol Federazioak uste du publikoa izatea "ezinezkoa" izango dela "Eusko Jaurlaritzak jarritako balditzak beteezinak" direlako.

Gauzak horrela, apirilaren 19ra arteko epea eman die UEFAK Bilbori, Munichi, Erromari eta Dublini futbol partidak ikusleekin edo gabe jokatuko diren baieztatu dezaten. Posible ez balitz, beste hiri batzuk ordezkatuko lituzkete egun hortan bertan. Gaur, Sevillaren aukera (Cartuja) zabaltzen ari da zenbait kirol komunikabide eta sare sozialetan, Bilbo ordezkatzeko hautagai gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Bilbo San Mames Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Futboleko Eurokopa