Gizartea -

KORONABIRUSA

Bilbo eta Gipuzkoa, perimetralki itxita

Horrez gain, aurretik zarratuta zeudenei Bizkaiko eta Gipuzkoako beste 15 udalerri handi batu zaizkie. Gainera, 21 herri txikitan ezarri dute itxiera.

Bilbo, itxita egongo da. Argazkia: Imanol Aragon
Bilbo.
Bilbo itxita egongo da bihartik aurrera

1:55

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbo eta Bizkaiko zein Gipuzkoako 27 udalerri handi (5.000 biztanle baino gehiagokoak) itxita egongo dira perimetralki gaurtik aurrera, azken 14 egunetan 400etik gorako intzidentzia-tasa metatua gainditu ostean. Horrez gain, Gipuzkoako lurraldea zarratuta egongo da, Araba zegoen bezala. Halaber, 21 herri txikitan ere ezarri dute itxiera.

Txosten epidemiologikoa oinarri, ebazpena kaleratu du Eusko Jaurlaritzak, gaurtik aurrera murrizketa zorrotzagoak izango dituzten udalerrien zerrendarekin.

EAEko hiru hiriburutik bi egongo dira zarratuta: Bilbo (100.000 biztanleko 471 kasurekin) eta Gasteiz (465 kasu).

Horrez gain, jada itxita zeuden 13 udalerri handiri beste 15 batuko zaizkie. Honatx zerrenda osoa:

ARABA

Arabako lurraldean ez dago aldaketarik. Hiriburuak eta probintziak itxita jarraituko dute.

Gasteiz (465 kasu).

BIZKAIA

Sei udalerri, tartean hiriburua, batu dira itxitako herrien zerrendara. Irteera bakarra dago, Ermuarena, nahikoa hobetu baititu bere datuak (100.000 biztanleko 262 kasuko tasa du orain).

Bilbo (471 kasu), Getxo (411 kasu), Markina-Xemein (417), Muskiz (427), Ondarroa (1.003), Portugalete (420) eta Sestao (411).

GIPUZKOA

Gipuzkoako lurraldea, 100.000 biztanleko 483 kasurekin, itxita egongo da gaurtik aurrera. Halaber, beste bederatzi udalerri egongo dira joan den astean 11 herrik osatzen zuten zerrendan:

Aretxabaleta (988 kasu), Arrasate (674), Astigarraga (674), Azkoitia (917), Beasain (741), Errenteria (537), Hondarribia (423), Lasarte-Oria (456), Lazkao (887), Legazpi (1.189), Lezo (641), Oiartzun (665), Oñati (976), Ordizia (724), Orio (505), Pasaia (430), Tolosa (737), Urretxu (820), Villabona (473), Zarautz (621) eta Zumarraga (794).

5.000 biztanle baino gutxiagoko herriak

Herri handiez gain, 5.000 biztanle baino gutxiagoko honako herriak zarratuta egongo dira gaurtik aurrera:

ARABA

Bastida eta Legutio.

BIZKAIA

Atxondo, Berriz eta Zaldibar.

GIPUZKOA

Aduna, Alegia, Anoeta, Berrobi, Bidania-Goiatz, Eskoriatza, Hernialde, Ibarra, Irura, Itsasondo, Legorreta, Olaberria, Soraluze, Zaldibia, Zegama eta Zizurkil.

400 kasuko intzidentzia-tasa metatua gainditu duten udalerriei buruzko ebazpena astelehenetan argitaratzen du Eusko Jaurlaritzak, eta neurri murriztaileak asteartetan sartzen dira indarrean.

Udalerriak itxita egonda ere, ondoko udalerrira joan ahalko da erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera.

Gainera, ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztua izango dute, 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era.

Apustu-etxeei dagokienez, ostalaritza zerbitzua barrualdean soilik eman ahalko dute, eta zehaztutako ordutegian bakarrik.

Kirol arloan, ezingo dira 4 pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan salbu, horietan % 35eko edukiera onartzen baita, eta dutxak bakarka erabiltzea.

Olano: "Kontaktu soziala zailtzea da lehentasuna"

Testuinguru honetan, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du lehentasuna "kontaktu soziala zailtzeko neurriak zorroztea" dela.

Olanok aitortu egin du Gipuzkoak "une txarra" bizi duela une honetan, azken egunetan kasu berrien hazkundea "geldiezina" izan delako eta ospitaletako tentsioa "kezkagarria" delako.

Horren esanetan, itxierak "eragin sozioekonomiko nabaria" du, baina une honetan "osasuna da lehentasuna".

Bilboko jarduneko alkateak erantzukizuna eskatu du

Bestalde, Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkateak adierazi du "albiste txarra" izan dela hiriburua gune gorrian sartu izana, eta "erantzukizunez" jokatzeko deia egin du.

"Kolpea izan da guztiontzat, ez bakarrik ostalarientzat. Zoritxarrez, albiste txarra izan da. Aste Santuan eutsi egin genion joerari, baina orain nabarmen hazi dira kasuak", deitoratu du.

"Juan Mari Aburto alkateak eta osasun agintariek milaka aldiz esan dutenez, erantzukizunez jokatu behar dugu denok", nabarmendu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Osasun albisteak gaur COVID olatu berria