Gizartea -

ETXEGABEAK

Etxegabeentzako irtenbideak eskatu dituzte, Bilbon neguko ostatua itxi ostean

Bilboko neguko ostatuak atzo ateak itxi ondoren, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak kolektiboaren oinarrizko beharrak asetzeko "baliabide nahikorik" ez dagoela kritikatu du.

Etxerik gabeko pertsona bat kalean lotan. Artxiboko irudia: EFE
Etxerik gabeko pertsona bat kalean lotan.
Etxerik gabeko pertsona bat kalean lotan. Artxiboko irudia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak hiriko kaleetan bizi diren etxegabeen egoera arintzeko "irtenbideak" eskatu ditu astelehen honetan, atzo, igandea, neguko ostatua itxi ostean.

Federazioak ohar batean azaldu duenez, Bilbon neguko ostatuko plazak mantendu egingo dira, baina Altamiran, eta Bilbao Aurrera Planaren barruan kudeatuko dira. Federazioaren esanetan plan hori egoeraren araberakoa da, pandemiari lotuta baitago, eta ekainean amaituko da.

Neurri hori "hilabete batzuetako adabaki hutsa" dela uste du erakundeak, eta ekainetik aurrera ere balioko duten konponbideak eskatu ditu pertsona horientzat.

Auzokideen elkarteak dio covid-19aren pandemiak eta konfinamenduak "agerian utzi dute antzinatik datorren arazoa", etxegabeena.

Salatu duenez, "profil eta arazo ezberdinetako ehunka pertsona bizi dira gure kaleetan, gure kutxazainetan... Oinarrizko eskubiderik gabe, etxebizitza duinik gabe" eta "erakundeen aldetik utzikeria, diskriminazioa, mespretxua eta tratu txarrak pairatzen dituzte".

Horren aurrean, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren hitzetan, "ez dago baliabide nahikorik kolektiboaren oinarrizko beharrak asetzeko".

Joan den martxoan etxerik gabeko 23 urteko gizonezko bat hil zen Bilbon, eta bi aste geroago, kalean bizi zen emakume bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaiko albisteak EAE Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak