Gizartea -
Koronabirusa
Sagardui: "Kontua ez da soilik neurriak ezartzea, neurri horiek betetzea baino"
Osasun sailburuak aitortu du kutsatzeak gelditzen ez badira eta ospitaleetako egoerak hobera egiten ez badu, erietxeetako jardueran lehentasunak ezarri beharko dituztela.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoan "egoera kezkagarria" dela covid-19aren pandemiaren hedapenaren eraginez eta enegarrenez azpimarratu du prebentzio neurriak betetzea "oso garrantzitsua" dela. "Kontua ez da soilik neurriak ezartzea, neurri horiek betetzea baino. Neurri horiek beteta soilik egin ahal zaio aurre birusari", erantsi du.
Hala, Sagarduik esan du LABI teknikoak pandemiari buruz egindako azterketaren ondorioak kontuan hartuta erabakiko dutela segurtasun-neurriak zorroztea edo ez.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, Osasun sailburuak esan du presioa handia dela zainketa intentsiboetako unitateetan, baina ziurtatu du oraingoz covid-19arekin lotuta ez dauden bestelako gaitzen asistentzia eta ebankuntzak bermatuta daudela.
Hori bai, kutsatzeen joerak berdin edo goraka jarraituz gero, erietxeetako jardueratan berriz ere lehentasunak ezarri beharko dituztela aitortu du.
"Zainketa intentsiboetako unitateetan ohe gehiago jartzea posible da, baina helburua zaintza zerbitzua bermatzea da", adierazi du.
Bestalde, pandemia EAEn izaten ari den eraginari buruz Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak emandako datuak bat ez datozela eta, Sagarduik esan du ez dakiela Osasun Ministerioa zein datutan oinarritzen den bere agiriak egiterakoan. "Osasun Sailak egunez egun biltzen dituen datu guztiak argitaratzen ditu", azaldu du.