Gizartea -

Desokupa enpresa

Etxe bat husteko ekintzaren aurka protestak eta atxilotu bat izan dira Abadiñon

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Segurtasun Sailari, “Ertzaintza eta Desokupa ultraeskuineko enpresa eskutik aritu direlako”. Podemos Ahal Duguk Desokupa enpresaren “indarkeria” salatu du.

Desokupa enpresaren ekintzaren aurkako protesta Abadiñon (Bizkaia). Irudia: EiTB Media
Desokupa enpresaren ekintzaren aurkako protesta Abadiñon (Bizkaia). Irudia: EiTB Media
Desokupa enpresaren ekintzaren aurkako protesta Abadiñon (Bizkaia). Irudia: EiTB Media

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun goizean Desokupa enpresak Abadiñoko (Bizkaia) etxebizitza bat hustu zuen, eta arratsaldean ekintzaren aurkako protesta jendetsua egin zuten herrian, mugimendu antifaxistak deituta. Sare Antifaxistak jakitera eman duenez, atxilotu bat izan da mobilizazioan, eta gutxienez beste bi pertsona identifikatu dituzte, Euskadi Irratiak zehaztu duenez.

Etxea goizeko lehen orduan utzarazi zuen Desokupa enpresak. Zenbait iturrik enpresa ultraeskuinarekin lotzen dute.

Ordu batzuk geroago, Ertzaintza manifestariei oldartu zitzaien zonaldean, enpresako langileen eta etxea berriz okupatzen saiatu ziren pertsonen artean istiluak izan ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko bozeramaile batek azaldu duenez, gertakariak 09:30 aldera jazo ziren, enpresak zenbait pertsona etxebizitzatik atera zituenean.

Hala ere, 13:30 aldera, liskarrak izan ziren konpainiako beharginen eta “indarrez” etxera berriro sartzen saiatu ziren zenbait pertsonaren artean.

Ondorioz, Ertzaintzak kargatu zuen, etxebizitzara berriz sartzea eragotziz.

EH Bilduk Segurtasun Sailari azalpenak eskatu dizkio, “Ertzaintza eta Desokupa eskuin-muturreko enpresa eskutik aritu direlako Abadiñon. Koalizioaren hitzetan, “kezkagarria” da Desokupa Euskal Herrian aritzea. “Kezkagarriagoa Ertzaintzarekin lankidetzan”, erantsi duenez.

Era berean, Durangaldeko Podemos Ahal Duguk enpresaren “indarkeria” salatu du ohar batean. Enpresako hamar bat langilek pertsonak “mehatxupean” atera zituzten etxebizitzatik, 20 bat herritar etxegabetzea saihesten saiatu ziren bitartean, “faxistak gure auzoetatik kanpora” oihukatuz.

Eskualdeko kolektibo ugarik beste manifestazio bat deitu dute larunbat honetarako, 20:00etan. Protesta Ferialeku plazatik abiatuko da, "Desokupa kanpora" lelopean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Kaleratzeak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Durango Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Abadiño Etxebizitza Durangaldea gaur