Gizartea -

KORONABIRUSA

Kutsatzeen beheranzko joerari eusten dio Nafarroak, 139 covid-19 kasu berrirekin

Azken hiru asteotan jasotako kopuru txikiena da, Nafarroako Osasun Departamenduaren arabera. Atzo, denera, 2.565 PCR eta antigeno proba egin ziren, eta horietatik % 5,4k eman zuten positibo.

Nafarroako Ospitalea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Nafarroako Ospitalea.
Nafarroako Ospitalea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

139 covid-19 kasu berri atzeman ziren, atzo, Nafarroan,  bezperan baino 11 gutxiago. Datu horrek baieztatu egiten du Foru Erkidegoan kutsatzeetan ematen ari den beheranzko joera.

Foru Gobernuko Osasun Publikoko Institutuak zabaldutako datuen arabera, larunbatean 2.565 proba egin ziren (1.781 PCR eta 784 antigeno test), eta horietatik  % 5,4k eman zuten positibo.

Bestalde, 201 gaixo zeuden larunbatean Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino lau gehiago, eta 42 lagun daude ZIU unitateetan. Atzo 7 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako hiru ZIUn, eta ez zen inor hil. Nafarroan 1.145 heriotza baieztatu dituzte guztira koronabirusaren pandemia hasi zenetik.

Kutsatze berriei dagokienez, Iruñean eta bere eskualdean atzeman zituzten kasu positiboen % 31, Tutera aldean % 22 eta Lizarraldean % 15. Gainerako positiboak ( % 32) Nafarroako beste eskualde batzuetan diagnostikatu zituzten.

Adinaren arabera, 45-59 urte bitartekoen artean atzeman zituzten kasu berri gehien ( % 24) eta 15-29 urte bitartekoetan ondoren ( % 23). Jarraian daude 15 urtetik beherakoen taldea ( % 22) eta 30-44 urte bitartekoen taldea ( % 16). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea daude ( % 9) eta 75 urtetik gorakoena daude ( % 6).

6 positibo baheketetan

Atzo 15 eta 29 urte bitarteko biztanleei Alesbesen eta Etxarri Aranatzen egindako baheketei dagokienez (Arbizuko bizilagunak ere sartu zituzten Etxarrikoan), Nafarroako Osasun Sailak zehaztu du lehen kasuan hiru positibo atzeman zirela 128 probatan eta bigarrenean beste hiru 166 probatan.

Txertaketa

Asteburuan txertaketa prozesuarekin aurrera jarraituko dute Foru Erkidegoan. Iruñean eta Iruñerrian bi tokitan emango dute txertoa: UPNAko kiroldegian eta Maristak ikastetxe zaharrean. Asteburuan, 6.500 pertsonari (4.654 larunbatean eta 1.843 igandean) hitzordua emango diete, 8:30etik 21:10era txertatzeko.

Tuterako Osasun Eremuan etxeetan txertatzeko asmoa dute asteburuan. Konkretuki, profesionalak 80 urtez gorako 54 pertsonaren etxeetara joango dira.

Azkenik, Lizarrako Osasun Eremuan, 60-65 adin tartea txertatzen jarraituko dute, Garcia Orkoien Ospitaleko bigarren solairuan, goiz zein arratsaldeko ordutegian. Asteburu honetan 1.000 pertsona inguru deituko dituzte.

Osasun Departamentuak Nafarroan bizi diren eta txertoa hartzeko zain dauden 80 urteko edo gehiagoko pertsonekin harremanetan jartzen jarraituko du asteburu honetan. Pertsona horiek dei bat jasoko dute txertoa hartzeko eguna eta ordua eskaintzeko, eta ez dute beste gestiorik egin beharko. Hala ere, gainerako herritarrek bezala, eskura dute Infovac txertaketa-kanpainari buruzko informazioa emateko telefonoa (948 370 120). Osasun Sailak ostegunean jarri zuen abian, eta herritarrei zerbitzu hobea emateko asmoz indartzea aurreikusi dute. Telefono horrek egunero ematen du zerbitzua, asteburuak barne, 08:00etatik 22:00etara.

Era berean, txertoari buruzko zalantzak edo kontsultak egin daitezke vacunacion@navarra.es edo txertaketa@navarra.es posta elektronikoen bidez.

Guztira, 184.624 txerto jaso dituzte nafarrek, Foru Erkidegora heldu diren 196.705 dosietatik. 55.230 pertsonak txertoaren bi dosiak jaso dituzte dagoeneko, hau da, txertaketa programan sartutakoen %10 inguru.

775 covid kasu berri EAEn eta %9,3ko positibitatea

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 775 koronabirus kutsatze berri diagnostikatu ditu larunbat honetan EAEn, hau da, aurreko egunean baino 60 gutxiago, baina positibotasun tasa dezente igo da, % 8tik %9,1era, proba diagnostiko gutxiago egin baitira.

Zainketa intentsiboetako unitateetako presioak antzera jarraitzen du: 140 lagun daude une honetan, aurreko egunean baino bat gutxiago, eta 80 pertsona ospitalizatu behar izan dituzte, aurreko eguneko 97ekin alderatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Tutera Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Burlata albisteak Eguneko albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Berriozar azken ordukoa Erizainak azken ordukoa Sendagaiak Txertoak egutegia Nafarroako Ospitale Gunea albisteak COVIDaren agerraldiak gaur Anbulatorioak Nafarroako Osasun Zerbitzua