Gizartea -
Sutea Bizkaian
Enpresa bat hustu dute Barakaldon, sute baten ondorioz
Sutea itzalita dago jada eta ez da kalte pertsonalik izan. Sutea Kurrusku KaiAlde okindegian piztu da, Ibaibe kalean.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Barakaldoko enpresa bat hustu behar izan dute astelehen goizean, pabiloi batek su hartu ostean, Segurtasun Sailak EITB Mediari baieztatu dionez.
Barakaldoko Ibaibe kaleko pabiloi industrial batean zegoen lantegi bat kiskali da, eta inguruko pabiloiak hustu behar izan dituzte. Ez da zauriturik izan.
Ezbeharra 9:45ak aldera gertatu da, Kurrusku KaiAlde okindegiko lantegian. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, suhiltzaileen hamar bat ibilgailu tartean, eta sua itzaltzea lortu dute, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak azaldu duenez, ez dakite zerk eragin duen sutea; hala ere, "garrantzitsuena da ez dela inor zauritu". "Su hartu duen eraikina kolapsatu" da, baina sugarrek ez dituzte inguruko pabiloiak kaltetu.
Suteak ke zutabe handi bat eragin du, eta larrialdi zerbitzuek leihoak itxita mantentzeko eskatu diete inguruko bizilagunei, horien artean inguruan dauden hainbat ikastetxeri.
BIDEOA: "Surik ez da ikusten jadanik, kea ikusten da. Kalera atera gara badaezpada"