Gizartea -
GIPUZKOA
Espetxera bidali dituzte hilketa saiakeragatik Hernanin atxilotutako hirurak
Biktimak larri jarraitzen du Donostia Ospitalean. Antza denez, jipoitutako gizona eta ustezko erasotzaileak elkarrekin bizi ziren.
O. A. | EITB MEDIA
Ustez gizon bat hiltzen saiatzeagatik Hernanin atxilotutako hiru pertsonak espetxera bidali ditu bart epaileak. Arratsaldean igaro ziren epailearen aurretik, eta lehen gaua igaro dute Martuteneko kartzelan. Bien bitartean, biktimak larri jarraitzen du Donostia Ospitalean.
Atxilotutako pertsonak 51 eta 41 urteko bi gizon eta 33 urteko emakume bat dira.
Antza denez, jipoitutako gizona eta ustezko erasotzaileak elkarrekin bizi ziren Hernaniko Zikuñaga auzoko pabiloi batean. Ustez, bertan jipoitu zuten.
Lehen ikerketen arabera, erasoa ostiralean gertatu zen, eta Ergoien auzoko etxebizitza abandonatu batera eraman zuten gero. Igandean bi herritarrek aurkitu zuten, eskuak lotuta zituela eta buruz behera zegoela.
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ukatu egin du Donostiako Infernutik kanporatu eta bertan bizi ziren okupak direla.