Gizartea -
DROGA TRAFIKOA
Gizon bat atxilotu dute Villabonan ustezko droga-trafiko delituagatik
Kokaina, haxixa eta marihuana eta banaketarako prestatutako dosiak topatu ditu Ertzaintzak haren etxean, baita ustez horien salmentatik ateratakoa den dirua ere.
O.P. | EITB MEDIA
28 urteko gizonezko bat behin-behinean aske dago, karguekin, ostiralean Villabonan droga trafikoaren ustezko delituagatik atxilotua izan ostean. Egun horretan bertan atxilotuaren etxean egindako miaketan haxix eta marihuana eta kokaina topatu zituzten, azken honen ehun bat dosi banatzeko prestatuta, plastikozko zorrotxoetan. Horrez gainera, bi doitasun-balantza, substantzia dosifikatzeko elementuak eta billetetan banatuta 4000 euro inguru aurkitu zituzten, ustez drogaren salmentatik ateratakoak.
Ikerketa Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzura (SICTG) atxikitako agenteek egin dute Hernaniko Ertzain-etxearekin elkarlan estuan. Urtea hastearekin batera hasi zen ikerketa, Gipuzkoako Villabona herrian substantzia sorgorgarrien banaketa areagotu egin zela egiaztatu ondoren.
Ikertzaileek bildutako informazioan oinarrituta, orain atxilotu duten pertsona hasieratik identifikatu zuten droga-banatzaile gisa, eta bere eguneroko jarduna gertutik zaintzeari ekin zioten agenteek.
Horrela, ikusi ahal izan zuten gizona, aldian behin, erosle ezberdinekin elkartzen zela denbora labur batez herrian bertan eta inguruko herrietan, hitzordua aurretik telefonoz jarri ondoren. Horrez gainera, egiaztatu ahal izan zuten ia transakzio guztiak Gipuzkoako adierazitako herriko erdigunean egiten zirela.
Joan den ostiralean polizia-operatibo bat jarri zuten abian. SICTGeko agenteak gizonezkoa erosle batekin elkartu zain egon ziren, eta elkartu zirenean agenteek banatzailea atxilotu eta eroslea identifikatu zuten, eta kokainaren salerosketa bat zela egiaztatu zuten.
Igande goizean agintaritza judizialaren aurretik pasata, behin-behinean aske utzi zuten karguak egotzita.