Gizartea -

KORONABIRUSA

Kezka handia dago Gipuzkoan, covid-19aren intzidentzia dela eta

Eider Mendoza foru bozeramaileak prebentzio neurri guztiak errespetatzeko deia egin die gipuzkoar guztiei, baita harremanak murrizteko ere; izan ere, ospitaleetako presioa handia da.

Kezka handia dago Gipuzkoan, covid-19aren intzidentzia dela eta. Argazkia: Artxiboko irudia
Kezka handia dago Gipuzkoan, covid-19aren intzidentzia dela eta
Gipuzkoako biztanleriaren hamarretik zortzi konfinatuta daude

1:23

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren intzidentzia handia da Gipuzkoan, eta Foru Aldundia "kezkatuta" dago horren aurrean, ospitaleetan "presioa handia" baita. Horregatik, herritarrei prebentzio neurri guztiak errespetatzeko deia egin die, baita harremanak murrizteko ere.

Asteartero Donostian egiten den Foru Gobernu Kontseiluaren ostean, Eider Mendoza foru bozeramaileak erantzukizunez jokatzeko eskatu die gipuzkoar guztiei; azken orduetan, nabarmen egin du gora ospitaleratutako pertsonen kopuruak: 115 pertsona gehiago. Gainera, Donostia Ospitalea da une honetan presio handiena duena.

Gipuzkoa egoera latzean dago, eta Mendozak lehen lerroan borrokan dabiltzan osasun langileek bizi duten egoera benetan gordina mahai gainean jarri nahi izan du. Hori dela eta, "euren jarrerak bereziki zaintzeko" eskatu die Gipuzkoako biztanleei.

Gizarte zerbitzuen foru sarean izandako bilakaerari dagokionez, Mendozak baieztatu du Segurako San Juan egoitza dela erabiltzaileen artean positibo kasuak dituen bakarra, baina agerraldia 18 pertsonara murriztu da, azken orduetan 6 pertsona sendatu ostean. 

Agerraldi horrek eragindako egoiliar guztiak txertatuta daude, sintomarik gabe ari dira gaixotasuna pasatzen eta Eibarko Ospitalean dagoen covid-19ari zuzenduriko zentroan daude.

Egoitzetako langileei dagokienez, une honetan 11 egoitzatako 17 langile daude kutsatuta.

Goiak ere erantzunkizunez jokatzeko deia egin die herritarrei

Eneko Goia Donostiako alkatea ere bat dator Mendozak esandakoarekin. Ospitaleratze kopuru "oso altuak" izan dira azken orduetan, eta horrek herritar bakoitzarengan kezka sortu beharko luke, baita arduraz jokatzeko beharra ere, alkatearen hitzetan, hori baita "horrek gora egitea saihesteko modu bakarra".

Tokiko Gobernu Batzarraren ostean emandako prentsaurrekoan, Goiak onartu du herritarrak "oso nekatuta" daudela pandemiak eragindako "egoera honekin"; izan ere, urtebete baino gehiago daramazkigu neurriak hartzen eta murrizketekin, "gora eta behera dabilen tiobibo moduko batean".

Hala ere, Osakidetzak egunero argitaratzen dituen datuak mahai gainean jarri nahi izan ditu. Bere ustez, "datu horien berri izatea hobea da denok ezagutzen ditugun arauak, mugak eta murrizketak egunero errepikatzea baino".

Honekin batera gogoratu du tratamendua eta arreta behar duten beste gaixotasun batzuk ere badaudela, eta horiei eman beharreko atentzioa ahuldu egiten dela ospitaleak betetzen direnean; hori dela eta, "guztion erantzukizuna" eskatu du, eta "egoera kezkagarria dela eta kontu handiz ibiltzeko" deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Donostiako informazioa Albisteak Gipuzkoa Gaixotasunak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizaintza Botikak albisteak Txertoak albisteak Donostia Unibertsitate Ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea COVIDaren agerraldiak gaur Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak