Gizartea -

DROGA-TRAFIKOA

Marihuana plantazio bat aurkitu dute Bilboko erdiguneko etxebizitza batean

Ertzaintzak 80 landare inguru eta sare elektrikoari iruzurrez egindako konexioak aurkitu zituen etxebizitzaren barruan. Etxebizitzako bizilaguna atxilotu dute.

Desegindako plantazioa. Argazkia: Ertzaintza
Desegindako plantazioa.
Desegindako plantazioa. Argazkia: Ertzaintza

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Bilboko (Bizkaia) erdiguneko Abando auzoko etxebizitza batean aurkitutako marihuana plantazio bat desegin, eta 40 urteko gizon bat atxilotu du, drogarekin trafikatzea eta kalamua hazteko argindarrarekin iruzur egitea egotzita.

Agenteek 80 bat landare eta horiek lantzen laguntzeko beharrezko guztia aurkitu zuten etxebizitzako bi gelatan. Era berean, argindar-sarean iruzurrezko konexio batzuk eginda zeudela ikusi zuten.

Atxilotuaren bikotekidea ikertzen ari dira, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita.

Astelehen gauean, 22:00 aldera, Abando auzoko etxebizitza batean balizko liskar bat izaten ari zela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Herritarren Segurtasunerako patruila bat bertaratu zen, eta eztabaida bat izan zuten gizon bat eta emakume bat aurkitu zituzten.

Gertatutakoa argitzen saiatzen ari zirela, agenteek marihuana usain handia antzeman zuten etxe barruan, eta gizonak onartu zuen bi gela marihuana hazteko prestatuta zituela.

80 landare inguru, potentzia handiko sei foku, hainbat haizagailu, hezetasuna kentzeko gailu bat, ongarri-zakuak, kartoizko hiru kaxa eta horietako bakoitzean 25 bat kukulu, hauts zuri bat (ustez, gai sorgorgarri bat) zuten bi poltsa eta dirua zeuden bertan.

Gainera, ikuskapenean zehar, etxebizitzako argindar-sarean iruzurrezko konexio batzuk zeudela ikusi zuten.Ondorioz, plantazioaren arduraduna atxilotu zuten, drogarekin trafikatzea eta argindarrarekin iruzur egitea egotzita, eta bere bikotekidea ikertu zuten, estaltzeagatik.

Halaber, bi borra luzagarri, ukabil amerikar bat, aire konprimituko karabina bat, lau tiragoma, bi katana eta 11 labana ere konfiskatu zituzten, eta atxilotuari eginbideak ireki zizkioten horiek edukitzeagatik.

Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egin eta epailearen esku jartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak