Gizartea -
BIZKAIA
Bi pertsona atxilotu dituzte Gorlizen, droga trafikoaren aurkako operazio batean
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak elkarrekin egin duten operazioan, droga salmentarako puntu bat desegin dute Gorlizen.
O. A. | EITB MEDIA
Iragan astean 37 eta 41 urteko gizon-emakumeak atxilotu zituzten Bizkaian, droga trafikoaren aurka Gorlizen egindako polizia operazio batean. Atxiloketa horiez gain, droga salmentarako puntu bat desegin zuten.
Ikerketaren arabera, trafikatzaile zein kontsumitzaileen topaleku zen, eta Bizkaitik eta Errioxatik joaten ziren bertara speeda, estasia eta marihuana eskuratzera.
Miaketan 860 bat gramo speed (3.440 dosi egin ahal zitezkeen), eta estasi pilulak, marihuana, debekatutako armak, 4.600 euro esku dirutan, baskulak, ontziratzeko makinak eta beste hainbat gauza atzeman zituzten.
Ertzaintza eta Guardia Zibila elkarlanean aritu dira "Erramu-Bilibio" izena jarri dioten polizia operazioan.
Agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, susmagarri nagusiak eta haren bikotekideak droga salmentarako puntu bat zuten Gorlizeko pabilioi batean.
Aipaturiko pabilioian segurtasun-kamerak eta zaintza-sistema bat zituzten jarrita, poliziaren presentzia hautemateko.
Behin frogak eskuratuta, agenteak apirilaren 13an sartu ziren pabilioan eta bi pertsona atxilotu zituzten.
Osasun publikoaren aurkako delitua eta armak legez kanpo edukitzea leporatu diete. Epailearen aurretik igaro ostean, epaileak espetxera bidali du gizonezkoa.