Gizartea -
Ganguren
Gerra Zibileko beste obus bat agertu da Galdakaon, bigarrena azken asteetan
Ostiral arratsalde erdialdera, partikular batek obusa aurkitu zuen, eta lanean ez zegoen udaltzain bati abisua eman zion. Ertzaintzako artezilariek 19:00etan zartarazi zuten.
EiTB Media | Agentziak
Ertzainek Gerra Zibileko obus bat zartarazi zuten ostiralean, Galdakaon (Bizkaia), ordu batzuk lehenago Ganguren mendiaren magalean topatu ondoren. Azken asteetan herrian aurkitutako ezaugarri berdintsuko bigarren lehergailua da.
Udalak agiri batean jakitera eman duenez, ostiral arratsalde erdialdera partikular batek obusa aurkitu zuen, eta lanean ez zegoen udaltzain bati abisua eman zion.
Segurtasun protokoloa martxan jarri eta Ertzaintzari abisua eman ondoren, udaltzainek eta ertzainek zonaldea sokaz inguratu zuten, lehergailua zartarazi ahal izateko.
19:00ak aldera lehertu zuten Ertzaintzako artezilariek, modu kontrolatuan. Aldez aurretik, obusa beste zonalde seguruago batera eraman zuten.
Martxoaren 23an, Zuhatzun
Azken asteetan Galdakaon agertu den Gerra Zibileko bigarren lehergailua da. Lehenengoa, artilleriako beste obus bat, martxoaren 23an topatu zuten Zuhatzun, Ibaizabal ibaia bideratzeko lanetan.