Gizartea -
KORONABIRUSA
143 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan, asteko kopururik txikiena
199 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan, horietatik 39 ZIUn. Atzo 84 urteko gizon bat hil zen.
EITB MEDIA
Bederatzigarren egunez jarraian, 200eko langatik behera daude positibo berriak Nafarroan, 143 kasu zenbatu baitituzte, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Aurreko egunean baino 22 kasu gutxiago diagnostikatu dituzte, beraz.
Guztira 2.108 proba egiten zituzten atzo (1.659 PCR eta 449 antigeno test), eta positibo-tasa % 6,8koa izan zen.
Kutsatze berriei dagokienez, zonaldeka, Iruñean eta eskualdean atzeman zituzten kasu positiboen % 38, Lizarraldean % 10 eta Tutera inguruan % 15. Gainerako positiboak (% 37) Nafarroako beste eskualde batzuetan diagnostikatu zituzten. Altsasun eta Tutera ekialdean atzeman zituzten kasu berri gehien, zortzina.
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteei dagokionez, 45 eta 59 urte bitartekoak (% 25) eta 30 eta 44 urte bitartekoak (% 23) dira talde nagusiak. Ondoren, 15 urtetik beherakoak (% 22) eta 15 eta 29 urte bitartekoak (% 15) daude. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dago (% 12), eta 75 urtetik gorakoena (% 3). Positibo berrien batez besteko adina 37 urtekoa da.
Asteko datuak honakoak izan dira: 155 kasu atzeman ziren astelehenean (% 5,9), 196 asteartean (% 7,1), 184 asteazkenean (% 7,7), 190 ostegunean (% 7) eta 165 ostiralean (% 5,3).
Larunbatean 199 covid gaixo zeuden Foru Erkidegoko osasun-sarean ospitaleratuta, bezperan baino hiru gutxiago, eta horietatik 39 zaintza intentsioetako unitateetan zeuden, bezperan baino bi gehiago.
Gainera, 84 urteko gizon bat hil zen atzo. Nafarroan, guztira, covid-19ak eragindako 1.153 heriotza baieztatu dira.
Txertaketa, asteburu honetan
Txertaketa-prozesuari dagokionez, 3.386 dosi jarri ziren atzo, eta, beraz, orain arte jasotako 221.105 txertoetatik 214.958 jarri dituzte jada. Bi dosiak dituzten pertsonak 63.593 dira, atzo 1.898 pertsonak bigarrena jaso ostean.
Iruñako UPNAko kiroldegian eta Maristak ikastetxe zaharrean ari dira txertoak ematen asteburu honetan, 08:30etik 21:10era.
Tuteran, berriz, Jesuiten ikastetxeko kiroldegian 884 laguni jarriko diete gaur txertoa.
Igande honetan, gainera, Lodosako oinarrizko osasun eremuko beste 200 pertsonari jarriko diete txertoa, Lodosako kultur etxean. Halaber, 274 pertsonari txertoa jartzea aurreikusi dute Garcia Orcoyen ospitalean.