Gizartea -
DESAGERPENA
Topatu dute Lazkaon desagertutako 45 urteko ataundarra
Atzotik haren bila ibili dira senideak eta Euskadiko Larrialdi Zerbitzuak. Bizirik topatu dute, Lazkao aldean.
EITB MEDIA
Bizirik aurkitu dute atzotik desagertuta zegoen 45 urteko emakume ataundarra, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Emakumea atzo arratsaldean Lazkaon ikusi zuten azkenekoz.
Senideek eta Euskadiko Larrialdi Zerbitzuak (DYAko langileek, Gurutze Gorriko langileek, Lazkaoko udaltzainek, Ertzaintzako patruilek eta Mendi, Urpekaritza eta Txakurren Erreskate Unitateko kideek osatu dituzte) haren bila ibili dira Ataun eta Lazkao artean, Babes Zibileko teknikari batek koordinatuta.
Astearte goizean, Lazkao inguruan topatu dute emakumea, eta, Segurtasun Sailak esan duenez, amaitutzat eman dituzte bilaketa-lanak.