Gizartea -
mugikortasuna
Donostiako Udalak eta ADIFek Martuteneko trenbide-pasagunea kenduko dute
Trenbide gaineko pasagune berri bat eraikiko dute, trenbidearen bi aldeek errepidez komunikatuta jarraitzeko.
eitb media
Donostiako Udalak eta ADIFek lankidetza-protokoloa adostu dute, Barkaiztegi bideko trenbide-pasagunea kentzeko. Donostiako Martutene auzoko tren-geltokiaren ondoan dagoena da, Renferen Madril-Hendaia linean.
Udaleko Gobernu Batzarrak esku-hartze horretarako jarduketa-protokolo orokorra onartu du, eta trenbide gaineko pasagune bat eraikiko dute, trenbidearen bi aldeek errepidez komunikatuta jarraitzeko.
Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, "beharrezko" jarduketa da, Abiadura Handiko Trenarekin eta Atotxako geltoki berriarekin lotutakoa, AHTak "ez baitu bere ibilbidean trenbide-pasagunerik baimentzen".
Horren esanetan, bi fase izango ditu. Lehenengoan, trenbide-kudeatzaileak trafikoa behin-behinean desbideratzeko ardura hartuko du, trenbide-pasagunearen ordezko ibilbideen bidez. Bigarrenean, aldiz, behin betiko bidegurutzearen proiektua idazteaz eta obrak egiteaz arduratuko da. Goiaren arabera, Hipikako bidean gaur egun dagoen pasabidearen ordez beste bat eraikiko dute. Trenbide gainetik pasagunea eraikitzean datza irtenbide hori, gauzatzeko bi milioi euroko aurrekontua eta bi urteko epea beharko dituena.
Alkatearen esan du, halaber, Martuteneko geltokiari ere eragingo diotela "AHTa hedatzeak ekarriko dituen lanek", Renfeko bidaiariek trenbidea gurutzatu behar izaten baitute nasa batetik bestera igarotzeko, norabideetako batean doazenean.
Hori dela eta, iraganean egin zuen bezala, Udalak geltoki hori birmoldatzeko eskatu dio beste behin trenbide azpiegituren kudeatzaileari, eta "Pilar aldeko oinezkoentzako pasagune berriaren ondora lekualdatzea", bateratuago eta integratuago gera dadin Martutene auzoan.