Publizitatea
Itxi

2021/04/28

20:34

Gizartea

San Prudentzio

Araban konfinatuta ospatu dute berriro San Prudentzioko Erretreta

EITB MEDIA | AGENTZIAK

San Prudentzio eguna "Araba" zortzikoarekin hasi da Gasteizen. Ekitaldi itxia izan da, eta agintariak bakarrik egon dira bertan.

  • Ume bat danborra astintzen etxeko leihoan.

    Ume bat danborra astintzen etxeko leihoan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

San Prudentzio eguna 09:00etan hasi da Gasteizen, Probintzia Plazan Txistulari Banda eta Tronpetari eta Atabalarien eskutik izandako "Araba" zortziko tradizionalarekin. Ekitaldi itxia izan da, eta agintariak bakarrik egon dira bertan.

12:30ean, Aurresku eta Dantza Sueltoko Txapelketa izan da Iradier Arenan, Estibalizko Amaren eguna ospatzeko.

Betiko erromeria bertan behera geratu da eta Armentiako landak itxita egon dira. Alabaina, San Prudentzioren omenezko basilika irekita egon da 08:30etik 20:00etara, eta lau meza eman dira. Edukiera mugatua izan da.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak zorroztu dituzte Armentiako landetan jende pilaketarik egon ez zedin. Udalak hara ez joateko deia egin du.

Atzo, asteartea, Gasteizko Udalak eta Aldundiak antolatutako bi erretreta telematikoak egin ziren. Lehendabizikoa 19:00etan izan zen Felix Petite Antzokian, eta 150 pertsona joan ziren aurrez gonbidapena eskuratuta. Bi ordu geroago, 21:00etan, beste ekitaldi bat egin zuten Iradier Arenan, ateak itxita.

Aldi berean, Internet bidez emititu zituzten Arabako lau toki esanguratsutan grabatutako erretretak: Gesaltza Añanan, Gorbeian, Sorginetxeko dolmenean eta Kexaako Jauregian.

Iaz bezala, aurtengo danborrada ere nork bere etxeko balkoietan edo leihoetan ospatu behar izan zuen. Etxeratze-agindua indarrean sartuta, 22:15ean, Alde Zaharreko dorreetan eta hiriko elizetan kokatutako bozgorailuen bidez zabaldu zuten danborraren martxa Gasteizen barrena.

Horrez gain, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak San Prudentzio eguna etxean eta etxekoekin ospatzeko deia egin du, eta covid-19aren aurrean herritarrak erakusten ari diren ardura eskertu.

Itxaropenerako mezu bat ere eman nahi izan du, azpimarratu du txertoei esker pandemiaren amaiera hurbilago dagoela, eta ziurtatu du "urtebete barru birusak eragindako mina, ziurgabetasuna eta tristura" gaindituta egongo direla.

"Bigarren urtez jarraian, San Prudentzio eta Estibalizko Amaren jaiak lapurtu dizkigu pandemiak. Ezin dugu nahiko genukeen ospakizuna egin", deitoratu du. Alabaina, datorren urtean normaltasuna berreskuratzeko eta festak betiko moduan egiteko itxaropena agertu du.

BIDEOA | ''Araba'' zortzikoarekin hasiera eman zaio San Prudentzio egunari

3:19

BIDEOA | 2021eko San Prudentzioko Erretreta, Arabako toki esanguratsuetatik

6:21

BIDEOA | Danborradaren doinuak Gasteiz osoan entzun dira Radio Vitoriari esker

2:51
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena