Gizartea -

BURKINA FASOKO HILKETA

Roberto Fraileren eta David Beriainen hilotzak iritsi dira helmugara

Valdespino Ceron herrian (Leon) hobiratuko dute kazetari bizkaitarra. David Beriainen gorpua, berriz, Artaxoara iritsi da eta txaloka jaso dute.

David Beriain, Roberto Fraile eta Rory Young irlandarraren hilkutxak, Torrejon de Ardozen
David Beriain, Roberto Fraile eta Rory Young irlandarraren hilkutxak, Torrejon de Ardozen
Txalo artean hartu dute David Beriainen gorpua Artaxoako herritarrek

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetan Burkina Fason hil dituzten David Beriain eta Roberto Fraile kazetarien gorpuak gaur goizean iritsi dira Madrilera. Aurreikuspenak bete dira eta hegazkin militarra 09:00etan lurreratu da Torrejon de Ardozeko aireportuan.

Familiak ez ezik, Arancha Gonzalez Laya eta Margarita Robles Espainiako Atzerri eta Defentsa ministroak izan dituzte zain.

Ohorezko militar talde batek egin diete harrera eta, gero, Espainiako Aire Armadako kideek eraman dituzte bizkar gainean.

Hegazkin berean heldu da Rory Young ingurumen ekintzaile irlandarraren gorpua ere, eta bertan izan da Sile Maguire Irlandan Espainian duen enbaxadorea ere.

Hilotzak senideen esku utzi aurretik, autopsia egingo diete Madrilgo Auzitegi Medikuntzako Institutuan, besteak beste, heriotzaren zergatiak argitzeko.

Ondoren, gorpuak familien esku utziko dituzte.

David Beriain nafarra bere jaioterria eraman dute, Artaxoara, eta bertan txaloka jaso dute senide, lagun eta herritarrek.

Roberto Fraile, bere aldetik, bere amaren jaioterrian hobiratuko dute, Valdespino Ceron herrian (Leon), baina lehenik eta behin Valladolidera eraman dute, gorpua senideen esku uzteko. Barakaldon jaiotako kazetaria Salamancan bizi zen.

Ikerketa

Torrejon de Ardozeko aireportuan egindako adierazpenetan, Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministroak eskerrak eman nahi izan dizkio Burkina Fasoko Gobernuari tramiteak errazteagatik. Kolaborazio ildo horri jarraituz, ikerketarekin jarraitzeko eskatu die bertako agintariei. Halaber, Sahel inguruan bakea eta egonkortasuna erdiesteko lanean jarraitzearen garrantzia azpimarratu du.

Espainiako Gobernuak Merezimenduaren Domina emango die Ministroen Kontseiluen hurrengo bileran.

Margarita Robles Defentsa ministroak, bestalde, eskerrak eman dizkie Burkina Fasoko agintariei eta CNI Espainiako Inteligentzia Zerbitzuko agenteei, egindako lanagatik.

Alfonso Bauluz, hildako kazetarien senideen bozeramaileak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie, batetik, funtzionario publikoei eta, bestetik, hedabideei eta kazetariei egun hauetatako aitortza mezuengatik. Azkenik, senideen dolua errespetatzeko eskatu du.

Ikerketari dagokionez, Espainiako Atzerri ministroak atzo ez zuen inolako xehetasunik eman, horretarako "goizegi" zela argudiatuz. "Ematen du atentatu terrorista izan zela, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu. Zer gertatu zen argitzea espero dugu, baina ez da erraza izango", erantsi zuen atzo Juan Duarte kontsulen gaietarako zuzendari nagusiak.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hilketak ikertzeko izapideak abiatu ditu

Bitartean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bi kazetarien hilketa ikertzeko izapideak abiatu ditu.

Autopsiaren emaitza jakin ondoren, Fiskaltzak, beti ere egoki baderitzo, Auzitegi Nazionalari ikerketa abiatzeko eskatu ahal izango dio.

Kasu horretan, Santiago Pedraz buru duen Auzitegi Nazionaleko 5. Epaitegi Zentralari legokio auzia.

Justizia unibertsalari buruzko legearen azken erreformaren ondotik, Auzitegi Nazionalak gertakari horiek ikertzeko eskumena izango luke beti ere ekintza terrorista gisa hartzen badituzte. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Munduko albiste garrantzitsuak Gaurko albisteak Nafarroan EAE albisteak Espainiako Gobernua bideoak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Kazetaritza gaur