Gizartea -
KORONABIRUSA
ICAGIk salatu du ofiziozko abokatuen txertaketa bertan behera utzi dutela
Eusko Jaurlaritzak abokatuen eskaera entzun zuen baina, bi egun geroago, txertoa hartzeko aukera ukatu die.
EITB Media | Agentziak
Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuak (ICAGI) salatu du ofiziozko abokatuei covid-19aren kontrako txertoa hartzeko aukera ukatu diela Osasun Sailak. Izan ere, abokatuen eskakizuna aintzat hartu eta 48 ordura bertan behera utzi du txertaketa Eusko Jaurlaritzak.
Osasun sailak “arrisku larrienean” zeuden abokatuei txertoa emateari baiezkoa eman zion, Elkargoak plazaratu duen komunikatuaren arabera. Bi egun igarota, baina, jakinarazi zieten, Osasun Ministerioko Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, kolektiboa ez dela “txertatze estrategiako talde lehenetsietako bat”.
Urtarrila amaieran, Lurdes Maiztegi dekanoak Justizia eta Osasun sailei gutunak bidali zizkien, ofiziozko letratuek covid-19az kutsatzeko duten arriskua Ertzaintzak edota bestelako segurtasun indarrek dutenaren adinakoa dela esanez. Gutunotan, profesionalek “ziegetan eta espazio itxietan” lan egiten dutela gogorazi zuen Maiztegik eta “24 orduan hainbat guardia zerbitzu” egin behar izaten dituztela.
Bukatzeko, ICAGIk azaldu du Eusko Jaurlaritzak eskakizuna aintzat hartu zuela, baita Euskal Herriko Abokatuen elkargo guztiei zabaldu ere (377 ofiziozko langile orotara). Gero, Osasun Sailak txertaketa bertan behera uzten duela azaldu du eta barkamena eskatu du “itxaropenak zapuzteagatik”.